GARA > Idatzia > Euskal Herria

Carlos Urquijo eta Carmen Alba izango dira PPren Gobernuaren ordezkariak

Ministroen Kontseiluak Carlos Urquijo eta Carmen Alba izendatu zituen atzo Gobernu espainolaren EAEko eta Nafarroako ordezkari hurrenez hurren. Urquijo kargura itzuliko da PPren Gobernu berri batekin. Alba Iruñeko zinegotzia izan zen UPNrekin.

p014_f02.jpg

I. SALGADO-M. DIAZ | GASTEIZ-IRUÑEA

Carlos Urquijo eta Carmen Alba izango dira datozen lau urtetan Madrilgo Gobernuaren ordezkariak Hego Euskal Herrian. Atzo izendatu zituen ofizialki Mariano Rajoyren Ministro-Kontseiluak bi karguak, eta Urquijo eta Alba gaur hasiko dira espainiar Estatuaren Gasteizko eta Iruñeko Gobernu ordezkaritzetan.

Bietatik Urquijo da ezagunena Euskal Herrian. Laudion jaiotako PPko kideak duela 24 urte hasi zuen jarduera politikoa bere herriko Udalean. 1991. urtean, Gasteizko Legebiltzarrera heldu zen, Jaime Mayor Orejaren eskutik, bere alderdiaren eskuinean finkatuta eta Espainiako unionisten interesak defendatuz.

Urquijok badu espainiar Gobernuaren ordezkari karguan eskarmentua, 2004. urtean, hiru hilabetez izan baitzuen ardura hori Jose Maria Aznarren agintaldian. PPk espainiar Estatuko hurrengo hauteskundeak galdu eta kargua utzi eta Paulino Luesmari (PSOE) pasa zion lekukoa Urquijok.

Atzo, ordutik zazpi urte igarota, PPko legebiltzarkideak Madrilgo Gobernuak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan duen ordezkaritzako kargua berreskuratu zuen, eta berak ordezkatuko du Espainiako mandatari gisa Mikel Cabieces (PSOE) Gasteizko Fray Francisco kalean dagoen egoitzan.

Carmen Alba, berriz, UPNko Iruñeko zinegotzia izan zen 1991tik 1995era (Alfredo Jaime alkate zelarik) eta 1998tik 2003ra (Javier Chourraut eta Yolanda Barcina alkate zirenean); gero, 2008an, Nafarroako PPra igaro zen. Izan ere, jarduera politikoan hasi zenean APko kide izan zen Alba. Zinegotzi kargua utzi zuenetik El Corte Ingles merkataritza zentroan egin du lan. Abokatua da ogibidez eta Opusen unibertsitatean ikasi zuen.

Aurten maiatzean izandako udal eta foru hauteskundeetan Iruñeko PPren zerrendan laugarren postuan agertu zen Alba, baina ez zuen zinegotzi izaterik lortu.

1967an jaio zen Iruñean Carmen Alba eta 1987. urtean Club de Tenis elkartean ETAren ekintza bat pairatu zuen Armada espainoleko koronel baten alaba da. Horrez gain, 1998. urtean ETAren beste ekintza batean hil zuten Tomas Cabellero UPNko zinegotzia ordezkatzera itzuli zen Iruñeko Udalera.

PPko iturriek Nafarroako hedabideei adierazi zietenez, Alba ez zen Gobernuko ordezkari izateko lehen hautua. Albaren izendapena proposatu aurretik, Nafarroan RTVEk duen zentroaren arduradun izandako Gabriel Perez proposatu zuten kargu horretarako, baina Madrilgo Gobernutik emakumea izan zedin eskaera egin zuten.

Eskaera hori jaso eta gero, Santiago Cervera diputatuak eta Eloy Villanueva Nafarroako PPko idazkariak Albaren hautagaitza adostu zuten.

saizek kargu berria

PSOEren agintaldian Gobernu espainolaren Nafarroako ordezkari izan den Elma Saizek kargu berria du dagoeneko. Elena Torres kontseilariak Nafarroako Berdintasun eta Familia Institutuko buru izendatu zuen atzo.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo