Herriarekin engaiatuta jarraitzen dute
Euskal Herriak Estatu espainolarekin eta frantsesarekin bizi duen mendetako gatazka politikoak eraginda, asko dira azken hamarkadetan etxea, ohiko bizimodua, lagunak eta senideak atzean utzi eta ihes egin behar izan duten herritarrak. Errefuxiatu gisa bizitzera behartuta, erbestean, sasian, milaka euskaldunek osatu dute, urtez urte, herri honekiko erabateko konpromisoak ezaugarritzen duen euskal iheslarien kolektiboa. GARAk kolektibo horretako kide diren hamar lagunekin hitz egin du, haien hausnarketak ezagutzeko; bizi dugun une historiko honetan zer pentsatzen duten, zer sentitzen duten eta zer egingo duten jakiteak berebiziko garrantzia duelakoan.
Adin eta ibilbide desberdinetako euskal herritarrak dira orrialde hauetan hitz egin nahi izan dutenak, iheslarien kolektiboa anitza baita oso. Batzuek frankismoaren gibel solasean egin zuten ihes, eta hamarkadak eman dituzte egoera horretan. Beste batzuk jaio ere ez ziren egin beren lagunek ihes egin zutenean. Munduko hainbat herrialde ezagututakoak dira asko, eta beste batzuek etxetik gertu samar aurkitu dute babesa. Baina denek ezagutu dute bidegabekeria, injustizia, prekarietatea eta iheslari batek ohiko dituen nahigabe guztiak. Eta, agerian geratu denez, guztiek jarraitzen dute herri honekin eta bere etorkizunarekin engaiatuta. Izan ere, gatazkaren konponbiderako abiatutako prozesuan aktibo gisa ikusten dute beren burua, eta nabarmentzen dute konponbide horrek, benetakoa izango bada, bere erroei eta ondorioei heldu beharko diela. Bakea eta demokrazia eskuratzeko xedez abiatutako prozesuari babesa eta bultzada emateko prest daude, eta bide horretan beren egoera ere mahai gainean jarri behar dela irizten diote. Eta, ezinbestean, hala izan beharko du, benetako konponbiderik ez baita izango presoak eta errefuxiatuak dauden bitartean.
Euskal iheslariek ere beren ekarpena egingo diote une historiko honi, euskal gizarteko gainerako sektore eta eragileek egingo duten bezala. Hain zuzen, Euskal Herriak, etxea, lagunak eta senideak atzean utzi eta ihes egitera behartuta egongo den beste inor ezagutu ez dezan. Azken iheslariak beraiek izan daitezen.