«Artearen bidetik gure herriaren historia hurbilaz gogoeta egingo dut»
Tene Mujika bekaren irabazlea
Pozez eta ilusioz gainezka jaso du Xabier Gantzarain idazle eta arte kritikariak (Azkoitia, 1975) Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak gure historia hurbilari buruzko lanak bultzatzeko ematen duten Tene Mujika beka. Informazioa biltzen aspalditik ari zen; beti izan da bere intereseko gaia Euskal Herriko historiak eta arte garaikideak duten lotura, eta liburu bat kaleratzeko aukera eman dio bekak.
Maider IANTZI | DONOSTIA
Proiektua aurkezteko txispa edo azkeneko bultzada eman ziona egunkari honek ETAk borroka armatua utzi zuela jakinarazteko egin zuen azalean Zumetaren «Gernika» ikustea izan zen. Orduantxe erran zion bere buruari gure herriaren historia hurbilak eta arte garaikideak zer lotura duten ikertu behar zuela.
Zergatik erabaki duzu aztergai hau hartzea?
Motibo desberdinengatik, baina batez ere iruditzen zitzaidalako arte garaikideak, ezezagun samarra den horrek, nahiko ondo azaltzen zituela gure herrian azkeneko urteetan bizi izan ditugun hainbat kontu. Ikuspegi oso zorrotza ematen du gai askori buruz. Hortik aparte, historia aztertzerakoan arteak beste perspektiba bat ematen du, beste pausaleku bat ere bai. Hemerotekan izenburuak eta albisteak xehe-xehe irakurtzen hasten bazara, agian erre egingo zara, informazio gehiegiagatik eta beste behar bati erantzuten diolako, gaurkotasunaren beharrari. Baina arte plastikoek askotan jotzen dute mamira, artistak askoz hobeto zentratzen dira interesatzen zaizkien eta nolabait gizarte osoak bizi dituen kontuetan. Hori baliatu nahi nuen azken urteetako hainbat konturi buruz idazteko.
Zer aztertuko duzu, politika, ekonomia, kultura... dena?
Noski, eta arazorik handiena da horri nola muga jarri, nola zedarritu eremua. Baina bai, nire asmoa artelan bat hartu eta hor agertzen diren kontuak edo ikusten ditudanak historiarekin lotzea da, historia esaten zaion eta denok monolitikoa uste dugun gertaeren katearekin. Kulturaz hitz egingo dut, baina ekonomiaz ere hitz egin beharko dut, eta politikaz ere bai. Adibidez, Zumetaren «Gernika» koadroaz hitz egitean kontu asko aterako dira. Hor dago erronka, nola joan muinera eta nola baztertu beste guztia.
Bertze adibideren bat jarriko duzu?
Proiekturako lagin bat aurkeztu nuen bi lanekin. Bat Ibon Aranberrik 2000n egin nahi izan zuena da, suzko loreak edo erroberak bota nahi izan zituen Lemoizko zentral nuklearraren zeru gainean, eta jakina, lan horrek Euskal Herrian ezagutzen ditugun gatazka asko biltzen ditu bere baitan, karga sinboliko izugarria daukan leku bat da eta leku horren gainean su artifizialak botatzea bera beste karga sinboliko bat eranstea da.
Eta zein da bertze lana?
Saioa Olmok egindakoa da. Gure ingurua nola aldatu den erakusten du, hasi ekonomiatik eta kulturara, 90eko hamarkadatik hona Guggenheim egitea erabaki zen momentutik. Nolabait hiria marka bihurtu da.
Zer urtetatik zer urtetara finkatuko duzu azterlanaren muga?
60 urte jarri dut proiektuan, baina ez da 60 urtetako artearen azterketa oso bat, ezin dut; hau ez da arte eskuliburu bat, historia hurbila aztertzeko beka bat da. Orduan, nire asmoa historiara artearen bidetik hurbiltzea da, beste modu batera begiratzen saiatzea gertatu diren hainbat kontu inportanteri. 60 urte aukeratu dut urte horietan kontu asko sartzen direlako, konparazioa egiteko baliagarri zaizkidanak. 60ko hamarkadako Ez Dok Hamairu, Gaur eta Orain taldeetatik hasita gaur egunera arte sekulako saltoa dago eta alderaketa hori ere egin nahi dut.
Gure mundua irudien hain menpe egonda, irudiaren azterketa sakonago bat ematen duzula adierazi izan duzu. Hutsune horri erantzunen diozu?
Ez digute irudiak irakurtzen erakusten eta jasotzen duguna jaso eta aurrera egiten dugu horrekin. Egunero bonbardatzen gaituzte eta ez dugu astirik aztertzen saiatzeko, baina irudiak ere eraiki eta asmatu egiten dira, zentzu bat eta mezu bat dute, bilatutakoa beti. Gai hau ere sartu nahiko nuke lanean.
Historiari artearen aldetik helduko diozu eta arteari historiaren aldetik.
Ez dut arte kritika formal bat egin nahi, nahiz eta hortik ere eduki beharko duen. Azterketaren ildo nagusia artea historiarekin lotzea da, soziologiarekin ere bai, testuinguru bat ematea, hau da, aztertzea zergatik sortzen den lan bat testuinguru batean eta lan horrek zer esaten duen guri buruz. Hori bezain gauza sinplea da. Liburu batek guri buruz hitz egiten du eta artelan batek ere bai.
Baina batzuetan artea gizartetik aparte ikusten dugu.
Gizarteak oso urruti ikusten du artea, baina gero denok joaten gara Guggenheimera. Hor badago kontraesan bat ulertzen erraza dena, bultzatuta sentitzen gara joatera. Nire kezka iturria bada pixka bat Euskal Herrian euskal artea ez ezagutzea; agian lekurik ere ez daukagu erakusteko eta lan egiteko. Guggenheimekin zerbait hipotekatu zen, batez ere hori. Iaz Asier Mendizabalek Madrilen eduki zuen erakusketa eta Ibon Aranberrik Bartzelonan. Baina Euskal Herrian ez dugu ikusi haien erakusketarik, halakorik behintzat ez. Zer pentsatua eman beharko liguke hango museoek euren lanak erosi izanak ere. Nik ez dakit zer erosi duen Artiumek edo Bilboko Arte Ederren Museoak, baina egingo nuke ez duela ahalegin handirik egin. Kontu horietaz hitz egiteko leku bat izan nahi du liburuak, xedea ahaztu gabe: gure herriaren historia hurbilaz gogoeta egitea. M. I.