Bide Ertzean-ek eta Kerobiak emango diote hasiera Hatortxu Rock jaialdiari
GARA | IRUÑEA
Muntaketa lanetan bi aste inguru aritu eta gero, dena prest dute Atarrabian Hatortxu Rock elkartasun eta rock jaialdiaren 13. edizioari ekiteko. Aurresalmenta bukatuta, bertan baino ezingo dira erosi: bonoak 25 euroan, gaurkoak 15 euroan eta biharkoak 24 euroan. 19.00etan hasiko dira gaur kontzertuak. Kerobia talde nafarra, hainbat hilabetetan Iruñean jo gabe egon ondoren eta iaz Xabik izandako istripua dela-eta azken momentuan euren kontzertua bertan behera utzi ondoren, gogotsu igoko dira taula gainera. Denboraldi batean eskainiko duten azken kontzertua izango da gainera. Bide Ertzean taldeak, berriz, oso formatu bereziko emanaldia eskainiko du, lagunez inguratuta. Eurekin izango dira Gorka Urbizu (Berri Txarrak), Naroa Gaintza (Amaiur), Aritz (Deabruak Teilatuetan), Xabaltx, Toño (Balerdi Balerdi) eta beste, errepikatuko ez den formatuan.