GARA > Idatzia > Euskal Herria

Abertzaleen batasunak duen balioa nabarmendu du Nafarroako EAk

Martxelo DIAZ | IRUÑEA

Hasi berri den urtean Euskal Herrian normalizazioa lortzeko eta gaztaka konpontzeko bidean aurrerapauso berriak emango direla nabarmendu zuten atzo Maiorga Ramirez eta Miren Aranoa Nafarroako EAko zuzendaritzako kideek. Nafarroako EAko zuzendaritzako kide Eva Aranguren eta Koldo Amezketarekin batera egin zuten agerraldia Ramirez eta Aranoak atzo Iruñean.

Bide horretan aurrera egiteko ezinbestekotzat jo zuten euskal preso politikoek pairatzen duten sakabanaketa amaitzea, eta Sorturen legeztapena eta Gernikako eta Aieteko adierazpenetan jasotako eskaerak bete daitezen eskatu zuten.

Bide batez, inolako betorik gabeko ezkerreko abertzale eta aurrerakoien artean hasitako elkarlana 2012. urtean sendotu behar dela nabarmendu zuten, «bai Bildurekin bai Amaiurrekin apustu horrek hiritar abertzaleen sostengu garbia jaso baitu hauteskundeetan».

«Indarrak batzeko hautua egin dugu, elkartzen gaituenari lehentasuna eman diogu eta etorkizunean ildo honetara batzen direnak gero eta gehiago izatea espero dugu», gaineratu zuten.

«Honez gain, hauteskundeetan argi gelditu da herritarren gehiengoak hautu horren alde egiten duela», baieztatu zuten EAko agintariek, oztopo ugari gaindituta 2011. urtean abertzaleen artean lorturiko batasuna fruituak ematen hasi dela gaineratuta.

Zentzu horretan, EAk historikoki soilik bide politiko eta demokratikoak erabiltzeko egin duen hautua indarrak biltzeko eraginkorra izan dela nabarmendu zuten Ramirezek eta Aranoak, ETAren adierazpenak bide berriak ireki dituela nabarmenduz.

Alde horretatik, Nafarroako PSNri dei zuzena egin zioten, bira osoa eman eta bere jarduera politikoaren norabidea erabat alda dezan, UPNren sostengua izateari utziz eta herrialdeko gehiengo aurrerakoiarekin bat eginez.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo