Surf taulak eta antzinako autoak, Errege Magoek Euskal Herrira egindako bisitan
GARA | DONOSTIA
Ekialde urrunetik gugana oraingoz ez dira sekula airez iritsi, baina ziur aski denbora kontua izango da; izan ere, atzo, Meltxor, Gaspar eta Baltasar autoan, txalupan zein surf taula gainean heldu ziren Euskal Herrira. Hondarribira eta Donostiara itsasoz heldu ziren ausardiarik ez zaiela falta erakutsita. Itsasoa, harro, ez zegoen txantxetarako.
Ordu-orduan, 14.50ean, ailegatu ziren hiriburuko portura, Santa Klara irlatik abiatu ostean. Olatuak zirela-eta ez zuten ibilbide samurra izan eta, ezustekorik ez hartzeko, itsasertzeraino gerturatu ziren, bertan ura bareago zegoelako. Handik hartu zuten porturako bidea bertan zain zituzten ehunka umeak agurtzeko.
Bilbon berritzaileak izan ziren. Nabigatzeko gaitasuna ere badutela erakutsita, Errege Magoak Erandiotik abiatu ziren 11.00etan, surf taula antzeko batzuen gainean. 14.00ak inguru, hamar kilometroko ibilbidea arraunean egin ostean, heldu ziren Bizkaiko hiriburura.
Ekialdeko Errege Magoak iritsi aurretik, ordea, bilbotarrek izan zuten errege-opil erraldoiaren puska bat dastatzeko parada. Plaza Barrian egindako ekimen solidarioan 6.000 zati banatu zituzten eta nahi zuen orok diru kopuru bat emateko aukera izan zuen. Bildutako guztia Caritas Bizkaiak martxan dituen haurrentzako programetan inbertituko da.
Dotorezia Arabako hiriburura ekarri zuten hiru protagonistek. Antzinako autoak hautatu zituzten Erregeek kaleak zeharkatzeko: Meltxorrek auto zuria hautatu zuen, Gasparrek gorria eta Baltasarrek beltza. Eibarren ere malenkonia kutsua izan zuen etorrerak: Armeria Eskolaren eskutik, Club Lambretta-ko motorren gainean heldu baitziren, hain zuzen, eskolak betetzen duen lehen mendeurrenaren karietara.
Iruñean, azken bost urteetan egin den moduan, Zumalakarregiko atariko zubi altxagarria jaitsi zuten, erregeak hirian sartzeko. Hala, martxan jarri zuten 1753. urtekoa den makineria.
Meltxor, Gaspar eta Baltasar, besteak beste, Basurtuko Ospitalean eta Arabako Unibertsitate Ospitalean izan ziren. Errege Magoak parez pare edukita, haurrek eurekin argazkiak egiteko aukera aprobetxatu zuten.
Goxoki zaparrada
Euriak, Donostian, ez zuen kabalkadaz nahi bezala gozatzeko aukera eman, baina nolanahi ere, han eta hemen jende andana bildu zen. Haurrak gurasoen sorbalda gainean zutik jarrita ere ez baitziren gauza handirik ikusteko gai. Koskortutakoak, berriz, adi, erregeek goxokiak nora botako begira. Eskuak zabal-zabal, askok patrikak gainezka zituzten segituan. Gipuzkoako hiriburuan, esaterako, mila kilo goxoki banatu zituzten, horiek guztiak zeliakoentzat aproposak.
Urtebetez zain egon ostean, konturatu orduko igaro zen momentua eta, beraz, heldu zen hurrengo urtera arte agurtzeko garaia. Goiz etxeratzeko gaua zen atzokoa, lehenbailehen afaldu eta txintxo-txintxo oheratzekoa.