GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Iker Bizkarguenaga Kazetaria

Ustekabeko altxorra telebistan

Bukatzear dagoen aste kolosal honek, Bilboko irudi ikusgarri eta hunkigarriaz eta Artemio Zarcoren heriotza mingarriaz aparte, ustekabeko bitxia ekarri digu. Behintzat, iragan asteazken gauean sare digitalean galduta dagoen Cinematk katean txango bat egin genuenoi. Izan ere, gaueko hamarrak aldera, telebistako aginteak hara eraman gintuen eta, hara non, Burgosko Prozesuaren gaineko dokumental batekin topo egin genuen.

Imanol Uribe zuzendariak 1979an egindako lana da, oso interesgarria eta bereziki gomendagarria facebook-eko iraultzailez beteriko garai hauetan -antza, lehen iraultza taberna zuloetan bakarrik egiten zutenek sare sozialetara salto egin dute-. Bertan, herri honen historia markatu zuen epaiketaren protagonisten iritziak jasotzen dira, auzipetuenak eta abokatu batzuenak, eta, auziaz gainera, garai haren testuingurua ondo azalduta dagoela uste dut. Bi ordu luzez, askatasun osoz hitz egiten dute denek kameraren aurrean, eta berba argi egiten dute ETAren borrokaz, errepresioaz, euren militantziaz, herri honen etorkizunaz.

Uste dut «Egin» egunkariak duela bi hamarkada inguru banatu zuela, VHS formatoan, eta eskuratzerik -eta ikusteko modurik- baduzue, ariketa ona izan daiteke. Hor agertzen dira urteekin ezinbesteko erreferente bilakatuko ziren militante gazteak; aspaldian herritik urrun dabiltzan lagunak; gero bilakaera ideologiko oso desberdinak izango zituzten orduko burkideak... Miguel Castells abokatua ere, bizar lodiaz apainduta, aurkituko duzue, ohiko maisutasunez epaiketaren nondik norakoak azaltzen, eta ez zaizkizue oharkabean pasako orduko eta oraingo egoeren antzekotasunak: epaiketa-fartsak, hedabideen jarrera, nazioarteko eragileen garrantzia, besteak beste, ez zaizkigu arrotzak egiten.

Baina hausnarketa egiteko ere balio du 1979ko dokumental horrek. Izan ere, esango nuke gaur egun ezinezkoa litzatekeela lan hori, dagoen bezala, egitea. Are gehiago, telebistako kate batetan topatzeak erabat harritu ninduen. Izan ere, adierazpen askatasunari dagokionean, pauso bat baino salto handia egin dugu atzera. Jazarpen judizial eta poliziala -galdetu Marlaska eta Aresi-, zentsura eta autozentsura gailendu egin dira urte hauetan, eta inoiz demokrazia eskuratuko badugu, arlo honetan ere lana franko dugu egiteko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo