GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Superprestigioa

Edozein eratara jokatuta ere, bera dela onena erakutsi nahi du Waltarik

Jon LEUNDA

Andde Kurutxarik eta Agusti Waltarik jokatuko dute gaur Donibane Garazin, Garat trinketean, Superprestigioko finala. Norgehiagoka 17.00etatik aurrera jokatuko da.

Iazko Buruz Buruko finalaren errebantxa edo errepikapena izango da, norberak bere iritzia izango baitu. Orduan Kubakoak lortu zuen txapela, baina Nafarroa Beherekoak izerdi asko botarazi zion amerikarrari.

Ikusmin handia dago gaurko neurketarako, eta horretarako arrazoi bat baino gehiago dago. Hasteko, Kurutxari bera da, sekulako txapelketa egin baitu, eta sasoi bikainean agertu da orain arteko partidetan. Bestea, Waltari eta bere sakea dira. Amerikarrak txapelketa honetan euskal pilotariek bezala sakatzen du, pilota behetik gora atereaz, eta ez berak orain arte egin duen bezala.

Askoren ustez, sakearekin min gutxiago egingo du horrela. Egia da finalerdietan ez ziola hasierako jokaldiari orain arte bezalako etekinik atera, baina orduan ere, nahiz eta Paxkal Ezkurrak sekulako neurketa egin zuen, berak lortu zuen finala jokatzeko txartela.

Jokalekua bera ere ez da berri eta moderno horietakoa, antzinako erakoa baizik, baina horietan ere ederki moldatzen dela erakutsi du behin baino gehiagotan Waltarik. Beraz, garbi dago gaur ere dirua bere alde nabarmen aterako dela. Gainera, Kubakoa hazi egiten da honelako partidetan, ez da inoiz kikiltzen, eta egun txarra ez baldin badu, gaur ere garaipenetik oso gertu ibiliko da.

Kurutxari galtzeko gutxirekin doa, eta berak badaki, nahiz eta Waltari aurrean izanda, tanto oso gutxi eginda geratzeko beldurra izaten duen batek baino gehiagok. Iazko Buruz Buruko finala kontuan hartuta, badaki nola jokatu txapeldunari, eta gaur ere gauza bera egiten saiatuko da. Badaki dena ongi egin behar duela, huts bat bera ere egin gabe, bestela oso zaila izango baitu Waltari mendean hartzea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo