GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Erasoak neurri bereko erantzuna eskatzen du

LAB sindikatuko idazkari nagusi Ainhoa Etxaidek Euskal Herriko eragile politiko, ekonomiko eta sozialei akordio baterako proposamena egin zien atzo, hain zuzen, Mariano Rajoyk gidatzen duen gobernuak abian jarritako murrizketa neurriei erantzuteko. Izan ere, Moncloara heldu bezain pronto, eta aurreko exekutiboaren bideari jarraituz, PPren gobernuak langileen kontrako hainbat neurri hartu ditu oso denbora gutxian, eta iragarri du heldu diren asteetan beste hainbat hartuko dituela. Gainera, Estatu espainolaren uniformizazioaren eta zentralizazioaren bidean hainbat pauso ematen hasi da, eta, besteren artean, erkidegoen aurrekontuak kontrolatzeko gaitasuna Madrilek izan dezala nahi du. Ildo honetan, sindikatu abertzalearen iritzirako, erabateko inboluzioa gertatzen ari da alde guztietan, eta honen guztiaren helburua finantza sistemari mesede egiteko beharrezko dituen neurri guztiak Estatuaren eskutan jartzea baino ez da.

Erasoaren tamaina ez da nolanahikoa, eta LABek neurri bereko erantzuna emateko galdegin die herri honetako eragileei, erantzun bateratu eta indartsu batek bakarrik aurre egin baitiezaieke Gobernu espainolaren asmoei. Aurretik ere, eragile askok elkarrekin lan egiteko gaitasuna erakutsi dute, eta, ildo berean, egoera zail honetan LABen gonbidapenari baiezko erantzuna ematea arduratsu jokatzea litzateke.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo