GARA > Idatzia > Kultura

Helsinkik Guggenheim berriari atea ireki liezaioke gaur

Solomon R. Guggenheim fundazioak gaur aurkeztuko du Helsinkin bertan museoa eraikitzeko aukera aztertzen duen bideragarritasun txostena. Bilboko Guggenheim museoaren zuzendari Juan Ignacio Vidartek eta fundazioko zuzendariorde Ari Wisemanek aurkeztuko dute.

p043_f01_2.jpg

M. LARRINAGA | HELSINKI

Gaur aurkeztuko dute Guggenheim berriaren inguruko bideragarritasun-txostena Helsinkin. Ekitaldia 10.30etik aurrera egingo dute Finlandia Hall-en eta Helsinkiko alkate Jussi Pajunen, hiriko arte museoko Janne Gallen-Kallela-Siren izango dira bertan, besteak beste. Aurkezpena Guggenheim Bilbaoko zuzendari Juan Ignacio Vidartek eta Solomon R. Guggenheim fundazioaren zuzendariorde Ari Wisemanek egingo dute eta, nahiz eta fundazioak sekula ez duen aurretik iritzi edo ideiarik iragarri, oraingoan fundazioak museo berria Helsinkin egitea gomendatuko duela azaldu zuen Wisemanek Finlandiako egunkari batean orain hilabete batzuk.

Txostenaren aurkezpena galdera irekiak egiteko aukera izango dela adierazi zuen Wisemanek. Izan ere, ikerketak aztertzen duena museo berriaren aukerak dira: batetik, nola erantzun beharko liekeen aurreiritzi gutxirekin sortutako XXI. mendeko museo batek -izan ere, ez da museoari buruz ezer zehatzik pentsatu oraindik- bai sortzaileei bai ikusle eta entzuleei, eta bestetik, Helsinkik, Finlandiak eta Europako iparraldeko herrialdeek dituzten indarguneak Guggenheim sareko beste museoekin nola bateratu daitezkeen ekarpen berriak egiteko.

Txosten hori egiteko, lantaldea museoetako zuzendariekin, arte galeriekin eta bildumagileekin mintzatu da. «Ahalik eta iritzi eta ikuspegi gehien biltzen saiatu gara bi alor islatzeko; bertako kulturaren beharrak zein museoen etorkizuna», azaldu zuen Wisermanek.

Txosten horrek dioena dioela, ordea, proiektua onartu egin beharko da eta erabaki hori Helsinkiko Udalak, fundazioak eta Guggenheim Bilbao museoko batzorde betearazleak hartuko dute; izan ere, Bilboko taldeak eraikin berriak egiteko proiektuei betoa jartzeko eskubidea du.

Aurrerapausoa Helsinkin

«Aurrera egiteko une egokia da hau», esan zuen Helsinkiko alkate Jussi Pajunen-ek «New York Times» egunkarian orain hilabete batzuk. «Baltikoko eskualde osoa, Helsinki barne, oso azkar ari da aldatzen azpiegitura berriekin -etxebizitza eta bulego ugari ari dira egiten, kostaldean batez ere-. Arte museo berri bat egitasmo garrantzitsu bat izan liteke guretzat», azaldu zuen.

Guggenheim berri bat eraikitzeko ideia orain ia hiru urte sortu zen, hegoaldeko portuetako zamatzeko guneak tokiz aldatu zirenean eta bertan hirigintza-proiektu berri bat abiatu zutenean. Izan ere, inguru hori hiriko erdialdetik gertu dago eta, portuaren eraldatzearekin, 250 hektarea irabazi zituen.

Hala, 2011ko urtarrilean hiriko agintariek txosten bat eskatu zioten Solomon R. Guggemheim fundazioari museo berri bat eraikitzeko aukera ikertzeko. Txosten hori egiteko 2,5 milioi dolar baliatu dituzte, 1,9 milioi euro inguru.

Eskakizuna eta ideia Bilboko museoak izan duen arrakasta ikusita otu zitzaien helsinkiarrei. Izan ere, urtean ia milioi bat bisitari izaten ditu eta bultzada ekonomiko handia eman zion hiriburuari bizkaitarrari.

Helsinkiren kasua ez da bakarra, ordea. Zailtasun ekonomikoak dituzten beste hainbat hirik museo berriak eraikitzeko aukera eman izan diote fundazioari. Hala ere, nahiz eta bideragarritasun-txostenak hiri askotan egin diren, Rio de Janeiro edo Taiwango Taichung-en adibidez, proiektuak azkenean ez zuen baiezkorik jaso. Burutu den halako proiektu bakarra Abu Dhabikoa izan da, datorren urtean irekitzekoa dena. Hortaz, nahiz eta gaur txostenak emaitza baikorrak eman, ezin da jakin proiektua gauzatuko den ala ez.

Guztira, lau Guggenheim museo daude munduan, New Yorken, Berlinen, Venezian eta Bilbon.

SEIGARRENA

Helsinkiko museoaren proiektuak aurrera egiten badu, Europako laugarren eraikina izango da eta munduko seigarrena. Berlinen, Venezian, Bilbon, New Yorken eta Abu Dhabin daude beste bostak. Azken hau datorren urtean irekitzekoa da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo