Joxemari Carrere Ipuin kontalaria
Ipuin kolosala
Behin, kartzelen gaineko ipuin ikuskaria prestatzea otu zitzaidan. Eduardo Galeanoren kontakizun batzuk irakurrita ekarri nuen ideia. Uruguaiko diktaduraren kartzeletan egondako gerrillari tupamaroen kontakizunetan oinarrituak zeuden. Presoaren istorioak, egunerokotasunaren istorioak kontatzea, kartzelaren beraren gordinkeria azaltzea zen ideia. Kartzelan egondakoenak nituen gogoan. Andregaiarekin aurrez aurre, azalez azal egon ondoren, ziegaren bakardadean maindireetan haren oroimena ekarri zuenarena. Etxetik sartutako arropen usaina, etxeko usaina. Halako batean izandako mozkorraldia. Patxarana ezkutuan nola sartu. Edo vodka. Barruko jendeen bestelako istorioak, batzuk samurrak, beste batzuk barregarriak, besteak latzak; kartzela beste era batera salatzeko asmoz osatutako ipuin kontaketa. Baina erabat borobildu gabe, hobetu beharra ikusi nuen. Eta horretan sakontzeko preso egondako lagun bati komentatu nion. Gogoan dut egindako komentarioa: «Baina han barruan oso gaizki pasatzen da». Bazterrean utzi nuen ideia, fribolitatean edo arinkerian erortzeko beldurrez.
Nola lortu ipuin ikuskari baten beharrezko oreka? Zein gailenduko, kontatutako ipuinak ala kontaldian sortzen den giroa? Ipuinekin kontatu nahi dena islatuko da kontaketaren amaieran ala kontrako bidea hartuko du? Zalantza ugari sortzen dira ipuin saio bat prestatzerakoan, zalantza intelektualak, etikoak, estetikoak, eta guzti horiek norberaren hasierako ideiarekin bat etortzea ez da lortzen askotan. Orduan beratzen utzi beharko duzu bere unea heldu arte. Ipuin kontaketa kolosala lortu arte. Bide bazterrean gelditu gabe.