Berezkoak Buruz Burukoa
Agusti Waltari buru dela, bakarka jokatzen den lehiaketarik garrantzitsuena abiatzeko prest dago
J.L.
Waltari buru dela abiatuko da larunbatean Buruz Buruko Txapelketa. Kubakoak herenegun Superprestigioko finala galdu egin zuen, baina, hala ere, faborito izaten jarraituko du. Lau adarretan banatuko dute txapelketa eta bakoitzak buru bat izango du. Waltari, Kurutxari, Bonebeltxe eta Harizmendi izango dira multzo bakoitzak izango dituen nagusiak.
Abian jartzen lehena hirugarren multzoa izango da, larunbatean Lohitzünen, Donapaleu ondoan, jokatuko baita lehen partida. Ducassou eta Etxeberri izango dira aurrez aurre. Irabazten duenak Laurent Lanberten aurka jokatuko du urtarrilaren 28an Senperen, eta hor garaile ateratzen denak Kurutxari izango du aurrez aurre Donapaleun. Irabazlea finalerdietara joango da, eta laugarren multzoko onenaren aurka jokatuko du Baionan otsailaren 12an.
Laugarren multzoa ere larunbatean abiatuko da Lohitzünen, Jeannotsen eta Agirreren arteko partidarekin. Irabazleak Ozafrainen aurka jokatuko du Senperen, eta hor garaipena eskuratzen duenak Harizmendiren aurka jokatuko du Donapaleun otsailaren 5ean. Irabazlea finalerdietan hirugarren multzokoarekin neurtuko da.
Lehen multzoa urtarrilaren 21ean abiatuko da Luhuson, Lazkanoren eta Ximun Lanberten arteko partidarekin. Irabazten duenak Alfaroren aurka jokatuko du urtarrilaren 29an Armendaritzen. Garaipena eskuratzen duenak Waltarirekin neurtu beharko ditu indarrak Arrangoitzen otsailaren 4an. Bigarren multzoa, berriz, Armendaritzen hasiko da urtarrilaren 29ean, Larretxearen eta Ezkurraren arteko neurketarekin. Irabazleak Bonebeltxeren aurka jokatuko du Arrangoitzen otsailaren 4an. Garaipena lortzen duenak, lehen multzoko onenaren aurka jokatuko du finalerdietan Baionan otsailaren 12an.
Finala, otsailaren 25an jokatuko da Baionan, Moderne trinketean. Lehen bi faseak ikusteko 12 euroan ordaindu beharko da sarrera, final-laurdenak ikusteko 15ean eta finalerdiak 20 euroan. Finalerako sarrerak 10-30 euro artean egongo dira salgai.