GARA > Idatzia > Ekonomia

Milaka litro ardi-esne galduta, industrialariek ez dutelako CLPBren ekoizpena bildu nahi

P030_F02.jpg

A.M. | BIARRITZ

Joan den astean Paueko Laborantza Ganberaren aitzinean egin zuten bezala, atzo ere milaka ardi-esne pinta jaurti zituzten CLPB Ipar Euskal Herriko kooperatibako 60 ekoizlek, Biarritzen.

Aireportuaren inguruan dagoen iragarki taula handi baten pean egin zuten protesta ekintza ikusgarria, Ossau-Iraty gazta sor-markaren publizitatea zeukana, hain zuzen.

«Urteetako borrokari esker, 1984an jatorrizko izendapena lortu genuen eta, ondorioz, gure ardi esnearen ekoizpena emendatzen joan da. Bistan da, esnegintzako industrialariek ere beren etekinak hiruzpalau aldiz biderkatu dituztela. Alta, orain, mokoka ari gara, gure esnea bildu nahi ez dutelako», gogoratu zuen Frantxua Irigoien CLPBko kideak.

Liskarra duela pare bat hilabete lehertu zen, orain artean zituzten hitzarmenak hautsita, esnegintzako enpresariek ekoizleon esnea kooperatibaren bidez ez zutela gehiago bilduko deliberatu zutenean. CLPB utzi eta zuzenean erosiko zietela agindu zieten ekoizleei.

Azpijokoa

Kooperatiba deuseztatzeko jukutria sumatu zuten CLPBkoek, eta nahiz eta ekoizle bakan batzuek alde egin, beren elkartea zutik mantentzeko erabakia hartu zuten gehienek. Sektoreko eragileekin zein agintariekin izan dituzten bileretan ez dute adostasunik erdietsi eta, joan den asteazkenaz geroztik, ez diete beren esnea biltzen.

CLPBk sor-markapeko 1,3 milioi litro esne ekoizten duten bitartean, «kanpotik milaka litro erostea» aurpegiratzen diete industrialariei.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo