GARA > Idatzia > Euskal Herria

Ipar Euskal Herria egituratzeko aukerak finkatuko dituela iragarri du Hautetsien Kontseiluak

A. MANTEROLA | BAIONA

Estatu frantseseko erakundeen erreformarekin, Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoarako egun indarrean dagoen pays egituraren ahalmenak urritu egingo dira. Hori dela-eta, badira bi urte Hautetsien Kontseiluak eta Garapen Kontseiluak etorkizunerako hiru lurraldeen premiak asebeteko dituen formula egokiena zein izan daitekeen aztertzeari ekin ziotela. Lan hori amaitzear dutela jakinarazi zuten atzo Jean-Jacques Lasserre Hautetsien Kontseiluko buruak eta Jean-Baptiste Etcheto Garapen Kontseilukoak.

Hiru aukera dituzte mahai gainean: egungo egiturarekin segitzea, jakinik ere ahalmen murritzagoak izango dituela; lurralde guztietako herri elkargoak metropoli gune batean edo entitate publiko batean elkartzea; eta, hirugarrena, berezko elkargo berri bat sortzea.

Hiru hautabide horientzat frantses legeriak eskaintzen dituen aukerak aztertzen ari dira Jean-Pierre Massias eta Jean Gourdu unibertsitateko legelari irakasleak. Alderdi teknikoez gain, bertako eta beste lurraldeetako eragileen testigantzak bildu eta analisi estrategiko zabalagoa landuko dute.

Alta, hori baino lehenago egiturak izan beharko lituzkeen eginkizunak zehaztea ezinbestekotzat jo dute. Hala, hautetsi eta eragile sozial eta profesionalekin sei lantalde osatu dituzte: ekonomia, formakuntza eta ikerketa; lurralde antolakuntza, Hirigintza eta etxebizitza; garraioa eta komunikazio-sareak; hezkuntza, kultura, hizkuntza, gazteria eta kirola; ingurumena eta natur baliabideak; eta, azkenik, gizartegintza eta osasuna.

Hiru osoko batzarrak

Erakunde publiko guztiek egun darabiltzaten politiken egoera aintzat hartuta, Ipar Euskal Herri mailan zertaz arduratuko liratekeen finkatuko dute atal bakoitzean. Zehaztapen lan hori, beti ere, lurralde proiektuaren ardatzetan, hots, lurraldeen arteko elkarrekikotasun, garapen iraunkor eta «mugaz» gaindiko elkarlanean, oinarrituko da.

Lan horien nondik norakoak azalduko dizkiote bi kontseiluen osoko batzarrari datorren larunbatean. Horrez gain, beste bi batzar aurreikusi dituzte otsailaren 11 eta 25erako. Horietan bereziki aztertuko dute zeintzuk diren egitura berri bat osatzeko aukerak, martxoaren hasieran dokumentu osatua aurkeztu aitzin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo