GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Demokrazian bidegabekeria salatzea ez da delitua

Atzo Auzitegi Nazional espainolean 19 aiararren kontrako epaiketa hasi zen, estatuek euskaldunekin duten tratua islatzen duen epaiketa, hain zuzen. Talde politiko bat legez kanpo ezarrita hauteskundeetan parte hartzea galarazi ondoren, hori salatzeko protesta ere delitutzat jo dute. Horrelako auziak larriak dira, baina ez berriak herri honetan. Azkenaldion, Ekaitz Samaniegori eta Oarsoaldeko beste sei gazteri ezarritako kartzela zigorrek lan politikoa zigortu egiten dela erakutsi dute, eta, lan politikoa bezala, adierazpen askatasuna ere zigortu egiten da, duela hamabi edo bederatzi urte eta gaur egun: duela urtebete baino ez Apurtu.org webgunea itxi zuten, torturak, euskal preso politikoen aurkako espetxe politika eta beste eskubide-urraketa asko salatzeagatik, eta atxilotu zituzten lagunetako batek, Miguel Angel Llamas Pituk, kartzelan jarraitzen du oraindik. Bestalde, gaur 12 sestaotarren aurkako beste epaiketa bat hasiko da Barakaldoko epaitegian, hauteskunde delitu bat egotzita. Hartara, lan politikoa, informazio eskubidea eta beste eskubide asko urratu egiten dira; baina hori ez ezik, baita urraketa horiek salatzea zigortu ere. Eta gizarte demokratiko batean delitua urraketa horiek izan behar lukete, inola ere ez horiek salatzea. Atzo Madrilgo Auzitegi Nazionalean hasi zen epaiketa, esandako gainerako auziak bezala, bidegabekeriaren gaineko bidegabekeria da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo