GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Harri-jasotzea Errota Harria Txapelketa

Aimar Irigoien hasieratik bukaerara nagusitu da

Errezildarra lehen fasean onena izan zen, baita bigarrengoan ere. Izeta II.ak amaitu zuen bigarren.

p038_f01-148X120.jpg

Jon LEUNDA

Aimar Irigoienek irabazi zuen, herenegun Zestoako Iraeta auzoan, Errota Harria Txapelketa. Harria 108 kiloko bola da, eta hamar kirolari aritu ziren lanean. Bost minutuko txanda bana izan zuten lanerako. Gero, aurreneko laurak finalerako sailkatu ziren, eta horiek beste bost minutuko txanda izan zuten. Jendeak ere erantzun bikaina eman zuen, Iraetako pilotalekua leporaino bete baitzen saioa ikusteko.

Irigoien, Izeta II.a, Izeta III.a eta Izeta IV.a sailkatu ziren finalerako. Azken hau Beliosorekin berdinduta geratu zen, baina horrelakoetan arautegiak garbi uzten du, bi kirolariak pisatu behar direla, eta arinena dena geratzen dela aurretik. Hala, zarauztarra sartu zen finalean.

Lehen fase honetako protagonista, ordea, Telleria IV.a izan zen. 16 urterekin bera zen jaialdiko gazteena, eta 26 jasoaldi lortu zituen. Lan bikaina egin zuen, eta beretzat izan ziren arratsaldeko txalorik gehienak.

Lehen saioan bezalaxe, azkenekoan ere Irigoien izan zen nagusi, 36 jasoaldirekin, aurrenekoan baino bi gutxiago jasota. Izeta II.a izan zen berriro ere bigarren, 35 jasoaldirekin, lehenengoan baino bat gutxiago jasota, eta hemen ez zen aldaketarik izan. Hirugarren posturako, ordea, berdinketa izan zen, eta berriro ere kirolariak pisatu beharra izan zen. Lehen fasean Izeta III.ak 33 jasoaldi lortu zituen, eta 30, bigarrengoan. Izeta IV.ak, berriz, 31 aldiz jaso zuen harria lehen txandan, eta bigarrengoan, berriz, 32. Beraz, biak 63 jasoaldirekin geratu ziren, eta oraingoan ere Izeta IV.a arinagoa zenez, beretzat izan zen podiumeko hirugarren postua, eta bere osaba geratu zen atzetik, laugarren postuan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo