GARA > Idatzia > Kultura

Harkaitz Canoren irakurketa musikatuak irekiko du neguko Hernani'n Musik zikloa

Udazkenekoaren ostean, Hernani'n Musik neguko musika egitaraua datorren ostiralean hasiko da Harkaitz Cano eta Beñat Barandiaranekin. Hilotan, hortaz, klarinete eta organo doinuak entzungo dituzte herrian.

p043_f03_096x084.jpg

M. LARRINAGA | HERNANI

Udazkeneko kultura programazioa amaitu ostean, Hernanin musika programazioak aurrera jarraitzen du. Iragan udazkenean Hernani'n Musik zikloak izandako harrera ona dela-eta, negukoa datorren ostiralean hasiko da Harkaitz Cano eta Beñat Barandiaranen ikuskizunarekin.

Canok eta Barandiaranek, gitarra-jotzaile «aldakor» eta Drindots taldeko kideak, ikuskizun «berezia» antolatu dute ostiralerako. Saioan idazleak hainbat testu irakurriko ditu, abestiak, testu zatiak, poemak... Aldi berean, Barandiaranek musika eskainiko du zuzenean sei sokak esku artean dituela. «Flamenkotik heavyrainoko erritmoak» entzungo dira Biteri kultur etxean, 20.00etatik aurrera.

Ostiraletik aurrera, beste hainbat emanaldi izango dira Hernanin; hala nola, Hernaniko musika eskolako piano ikasleen entzunaldi bat hilaren 27an, Inauterietako kontzertuak musika eskolako bandaren eskutik otsailaren 12an eta txistulari jaialdia martxoaren 23an.

«Ukitu berezia»

Hala ere, negu honetako programazioari «ukitu berezi bat» eman nahi izan diote antolatzaileek eta bost eskaintza berezi antolatu dituzte.

Cano eta Barandiaranen ikuskizuna izango da bost horien artean lehena. Horien ondoren, otsailaren 24an, Deriva Errant talde katalanak gralla izeneko instrumentu herrikoia eta perkusioa ekarriko dituzte Hernanira goi mailako musika interpretatzeko.

Martxoaren 23an, berriz, The Silent Band taldeak «Faust» filmari zuzeneko musika ipiniko dio iraganean egiten zen bezala. Apirilaren 20an herriko parrokian izango da hitzordua 19.30ean Ana Belen Garcia organistaren saioa entzuteko.

Azkenik, maiatzaren 11n, Urval Ensemble klarinete laukotearen txanda izango da. Taldeak gai eta toki bereziak aukeratzen ditu emanaldietarako eta, gainera, obra bakoitza moldatu egiten du bere gogoeta eta sentimenduak gehituta.

Emanaldi hauek guztiak Biteri kultur etxean izango dira, 20.00etan, eta sarrerak kontzertu bakoitzaren aurreko astelehenean jarriko dira salgai Biterin bertan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo