GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Sokatira Zortziko Txapelketa

Badaiotz talde arabarrak aparteko arazorik gabe eskuratu du emakumezkoen 540 kiloko txapela

J.L.

Badaiotzek eraman zuen herenegun emakumezkoen 540 kiloko txapela. Hirugarren eta azken jardunaldia jokatu zuten, eta ligako aurreko bi jardunaldietan bezalatsu gertatu zirenkontuak azken jardunaldian. Ondorioz, Gasteizko Badaiotzek eutsi egin zion iaz lortutako txapelari, eta gehiegizko indar husterik egin gabe. Hasieratik amaierara arabarrak izan ziren jaun eta jabe eta mailako onenak zirela argi eta garbi utzi zieten gainerako taldeei.

540 kiloko sailkapena

Gizonezkoen 640 kilokoan ligaxkako bigarren eta azken jardunaldia jokatu zen, eta Abadiño A izan zen onena. Berarekin batera, Sokarri, Ibarra, Amaiur, Abadiño B eta Basaburua-Imotz sailkatu ziren finalerako. Horrek esan nahi du, Txantrea, Zuraide eta 6 Conceyos kanpoan geratu direla. Faborito guztiak sartu ziren, beraz.

Azkeneko jardunaldian bi multzotan banatuta aritu ziren, eta gero postuak finkatzeko elkarren aurka neurtu ziren. Abadiño A eta Sokarri izan ziren bakoitzeko onenak, eta lehen postua erabakitzeko neurketan, berdeak izan ziren nagusi.

Bestalde, gizonezkoetan, 600 kiloko lehen faseko estreinako jardunaldia jokatu zen. Bederatzi talde aritu ziren, eta hemen ere bi multzotan aritu ziren lanean. Hori amaitutakoan, postuak finkatzeko neurketak jokatu zituzten. Abadiño A eta Amaiur izan ziren onenak, eta elkarren arteko neurketan bizkaitarrak gailendu ziren, sailkapeneko lehen postua eskuratuz. Honela, bigarren Amaiur izan zen, eta atzetik, Ñapurrak, Ibarra, Sokarri eta Berriozar sailkatu ziren lehen sei postuetan. Gauzak aldatu ezean, hauek jokatuko lukete finala, baina oraindik beste jardunaldi bat geratzen da hori erabakitzeko. Atzetik, Abadiño B, Basaburua-Imotz eta Txantrea sailkatu ziren. Datorren jardunaldia larunbatean jokatuko da, Idiazabalen, eta hantxe jakingo da zeintzuk diren sei talde finalistak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo