GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Aitor Irigoien Odriozola Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzan lizentziaduna

Globalizazioaren badian

Norberaren pribilegioak alboratu eta barneko printzipioen arabera jokatzera ausartzeko garaia da. Zaila izan arren, aukerak eta adibideak egon badaude

«Norberaren pribilegioak printzipioen gainetik jartzen dituenak, laster biak galtzen ditu»

Dwight D. Eisenhower

Duela zenbait urte, udazken arrats batean, Donostiako Kontxako badiatik oinez nindoala, itsasoko uraren gardentasunari so eginez geratu egin nintzen. Hartan, paisaia ederra kolpatzen, eta gardentasun erabatekoa apurtzen zuten hiru objektu arrotz begiztatu nituen urertzean: Coca Cola botila huts bat, McDonaldseko hanburgesa baten plastikozko ontzikia eta Lucky Strike markako zigarro pakete higatu bat. Tristura pixka bat eragiteaz harago, globalizazio gisa ezagutzen dugunaren metafora esanguratsua iruditu zitzaidan egoera.

Izan ere, aipatu globalizazioa nazioarteko merkatuaren inoizko antolaketa aurreratuenaren gisa aurkezten digute. Zerbait berria, osoa eta hobezina. Haatik, funtsean, soilik ekonomiko-finantzarioa da. Neoliberalismoaren adierazpide gorena. Pentsamendu bakarra (eta ideologien amaiera) aldarrikatzen zutenen eraikuntza bat.

Garapenaren ondorio ekidinezina balitz bezala saltzen digute, eta bertan, administrazio publikoek ez dutela esku hartu behar aldarrikatzen. Merkatuko eragiketek erabateko askatasuna behar baitute. Horrela soilik, merkatuak -Adam Smith-ek aipatu esku ikusezinaren bidez- pobrezia amaituko eta guztiontzako aberastasuna ekarriko ei du.

Errealitatean, ordea, horren inperfekzioak agerikoak dira: urtetik urtera handiagoa da herrialde dirudunen (globalizatzaileen) eta txiroen (globalizatuen) arteko diferentzia. Lehenek agindu eta hautatzen dute; bigarrenei onartzea besterik ez zaie geratzen. Lehenak gutxiengoa dira, gero eta gutxiago eta dirudunagoak. Bigarrenen artean dago lurrazaleko gehiengo zabala, gero eta ugariago eta txiroago.

«Merkatua askatasuna da» lemaren doinupean, fluxu ekonomiko-finantzarioak maximora liberalizatu dira, herritarrok inoizko askatasun gutxien dugun garaiotan. Dirua pertsona baino askeagoa izateraino.

Hala, enpresa erraldoien boterea etengabe areagotuz doa, gobernu lokalen kaltetan. Erabakitze ahalmena gobernu demokratikoetatik (interes publikoa) korporazio pribatuetara igaro da. Ondorioz, guztioi eragiten diguten gaietan multinazional pribatuek hartzen dituzte erabakiak, euren onura eta interesen mesedetan. Arlo publikoa kontrolatzearekin batera, merkatuko eskaintza guztia ere bereganatzen dute, beraien baldintzak inposatuz, lehiakide txiki lokalak zanpatuz. Interes pribatua kolektiboari nagusitzen zaion testuinguruan, nola bermatzen dira gehiengoaren interesak?

Era berean, globalizazio ekonomiko honek badu kutsu kultural bat ere, akulturazioa sustatzen duen heinean. Gure aisia, ohiturak, jokamoldeak, zaletasunak, estiloak... gero eta uniformeagoak dira. Munduko biztanleon bizitza homogeneizatu egin dela dirudi, eredu zehatzak mundu osora hedatu balira bezala; eremu globalak lokala xurgatu izan balu bezala.

Horrenbestez, gure arteko aniztasun kulturala ezabatzen doan neurrian, desberdintasun ekonomikoak eta sozialak etengabe areagotu dira. Urtetik urtera, hizkuntza gehiago desagertzen diren bitartean, gorantz doaz pobrezia zein gosetea. Babestu beharreko desberdintasunak gutxitzen doaz; gainditu beharrekoak, aldiz, areagotzen.

Mundu mailako arazoak konpontze aldera, logikoa deritzot globalizazio motaren bat komenigarria dela adieraztea. Baina inolaz ere ez egungoaren terminoetan. Finantzez gain, ongizatea, justizia, osasuna, hezkuntza, elkartasuna... benetan ezinbestekoa zaigun dena guztien esku jarriko duena baizik. Guztion beharrak asebetetzea xedetzat lukeena. Adierazle ekonomikoez gain, irizpide sozialak, etikoak, kulturalak, ingurumenekoak ere kontuan izango lituzkeena. Pertsona epe laburreko mozkinen gainetik kokatuko lukeena. Elkarrekin lan egitea bultzatuko duena, gainontzekoak etsai gisa ikusi beharrean. Kolore anitzeko eremu lokalak errespetatuko lituzkeena.

Norberaren pribilegioak alboratu eta barneko printzipioen arabera jokatzera ausartzeko garaia da. Zaila izan arren, aukerak eta adibideak egon badaude.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo