ELBren iritziz, ardi esnearen kudeaketarako beste erakunde bat behar da
A. M. | BAIONA
Gaztagintzako industrialariekin gatazkan dabiltzan ardi hazleentzat «lehenbailehen aterabidea» bilatzeko eskatu du ELBk. Halere, «CLPB kooperatibaren kasu zehatzetik harago doan arazoa» dela deritzo euskal laborarien sindikatuak.
Izan ere, hainbat gasnategi industrial (Chaumes, Pyrenefrom, Lactalis...) gero eta gehiago erabiltzen ari dira sor-markatik kanpo dauden ardien esnea, eta horrek, beste arazoen artean, sektorea «arriskuan» jartzen duela dio ELBk. Bere aburuz, ardi esnearen ekoizpena kudeatzeko beste erakunde bat beharko litzateke, sektoreko eragile guztiak (ekoizle, transformatzaile, lurraldeko ordezkariak..) bilduko lituzkeena. Ossau-Irati sor-markako eragileek ere bat egiteko premia nabarmendu du sindikatuak.