GARA > Idatzia > Iritzia> Azken puntua

Laura MINTEGI Idazlea

Gernikatik Gernikara

 

Robot batek «Guernica» xehetasunez aztertuko du sei hilabetez, «Guernicaren barrunbetarako bidaia» ikerketari esker. Halaxe erabaki du Reina Sofia museoak egunotan. Helburua da Picassoren lana milimetroz milimetro artatzea, ukitu gabe, jakin nahi dutelako nola kontserbatu hobeto eta, horretarako, azken-azken teknikak erabiliko dira, hala nola argi infragorri espektro anitzekoa, argi ultramorea, espektro-erreflektologia eta 3Dko eskanerra.

Toni Morrison idazle iparramerikarrak zioen hura maiz etortzen zait gogora: «`Zergatik' galderari ekitea latza denean, orduan `nola' galderari ekiten diogu».

Zein da kontua, nola dagoen Picassoren lana edo zergatik margotu zuen. Nola berriztuko duten margoa edo zergatik bonbardatu zuten hiria. Nolako teknika erabiliko duten kontserbatzeko edo zergatik ez den aitortu, oraindik ere, nork agindu zuen genozidioa. Sei hilabete emango dituzte koadro bati begira. Denbora luzea espazio laburra arakatzeko. 75 urte eduki dituzte jakiteko zein kunetatan dauden lurperaturik tiroz erail zituzten errepublikarrak, komunistak, nazionalistak... milaka etxetatik falta diren gizon-emakumeak. Agian, hezurdurak ikusita zaila izaten delako `nola' galderari eustea eta enoratzea `zergatik' galdera, zergatik asasinatu zituzten.

Gaixorik dago gezurraren eta faltsukeriaren gainean eraiki nahi den gizartea. Zerbait ez dabil ondo historia argitu nahi duen epailea epaitu egiten dutenean. Nahiz eta epailea Garzon delakoa izan. Garzon tortura babesteagatik epaitu behar dute, kazetariak kartzelara sartzeagatik epaitu behar dute, eta ez diktaduraren krimenak ikertzeagatik.