GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Konponbidearen aurkako jarreran, PP bakarrik

Herenegun, Jorge Fernandez espainiar Barne ministroak ETA desegin arte ez dutela espetxe politika aldatuko esan ostean, Asanblea Nazional frantsesak presoak beren familiengandik hurbil dauden espetxeetara hurbiltzea ahalbidetzen duen lege proiektua onartu zuen, Sauveur Gandolfi-Scheit diputatu korsikarrak aurkeztutako proposamena ontzat emanda, haren aplikazioa espetxe administrazioaren esku uzten badu ere. Proposamenaren eztabaidan, Jean Grenet UMPko diputatu baionesak haren alde egin zuen, eta Euskal Herriko egoera izan zuen hizpide, euskal presoak hurbiltzea bake prozesuaren aldeko «keinu azkarra» izango litzatekeela esanez. Arrazoi horrezaz gainera, esan zuen presoen sakabanaketa zigor bikoitza dela, eta giza eskubideen errespetua bermatzeko, presoak hurbiltzea ezinbestekoa dela. Ildo beretik, atzo Rodolfo Aresek Barne ministro espainolari argitu zion Gasteizko Gobernuaren jarrera, esanez egungo egoeran «terrorismoaren aurkako estrategiarik» onenak espetxe politika malgutzea eskatzen duela, eta nolanahi ere, Gobernuak legea bete behar duela. Bistan da estatuen espetxe politika eguneroko eztabaida politikoan dagoela, bistan da gehienek arazo horri erantzukizunez aurre egin behar zaiola uste dutela, eta bistan da, halaber, PPren Gobernuak bakarrik eusten diola konponbide prozesuan urratsak egitearen aurkako jarrerari.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo