Errepresioa eta protesta ekintzak hedatzen ari dira Tibeten barrena
Txinako Segurtasun Indarrek jaurtitako tiroen ondorioz gutxienez bi manifestari tibetar hil ziren. Sichuan eskualdean istiluak izan diren guneetako sarrerak itxi eta komunikazioak eten zituzten.
GARA | PEKIN
Txinako Segurtasun Indarren eta manifestari tibetarren arteko istiluak zabaldu ziren bart eta gutxienez manifetari bat hil zen Sichuan eskualdean..
Amerikako Estatu Batuek gertatutako indarkeria kasuen aurrean «oso kezkatuta» zeudela adierazi zuten, eta Gobernu tibetarrak -Indian erbesteratua- nazioarteko Komunitatearen «esku hartzea» eskatu zuen «sarraski bat» gerta ez dadin. Egun, 2008. urtetik hona bizitako istilu gogorrenak jasaten ari dira.
Sichuan eskualdean, Tibeteko herrialde autonomotik hurbil, astelehenaz geroztik manifestazio ugari egin dituzte eta, iturrien arabera, egun hauetan zehar errepresioak eragindako hildakoak bitik hamabira artekoak izan litezke.
Horrez gain, 2011ko martxotik aurrera beren buruari su eman dioten edo saialdia egin duten monje eta moja budisten kasu gehienak -hamasei- ere Sichuanen gertatu dira; guztiak erlijio eta kultur askatasunaren aurkako errepresioa salatzeko.
Aste hasieran eskualdean agertutako panfleto batzuek bertako hainbat tibetar beren buruari su emateko prest zeudela adierazten zuten.
Astelehenean, erbesteratutako tibetarren eta gobernuz kanpoko erakundeek adierazitakoaren arabera, Txinako Segurtasun Indarrek «armarik gabe» zeuden manifestarien aurka tiro egin zuten, eta bitik seira lagun hil ziren.
Pekingo Gobernuak, berriz, heriotza bakarra baieztatu zuen, eta manifestari talde batek, tartean monjeak, Segurtasun Indarrei harriekin eraso zietela eta horri erantzunez tirokatu zituztela argudiatu zuen.
Asteartean ere istiluak izan ziren. Free Tibet erakundeak eta Radio Free Asia irrati estatubatuarrak Polizia txinatarrak jaurtitako tiroen ondorioz hildako tibetarrak bi eta bost artean izan zitezkeela plazaratu zuten.
Txina Berria berri agentziak ordea, tiroen ondorioz «endredatzaile» bat hil zela adierazi zuen, manifestariak polizia etxe baten aurka egindako erasoan.
«Poliziak tiro egin behar izan zuen, eta manifestari bat hil eta beste bat zauritu zen», informatu zuen Txina Berriak.
Ofizial baten hitzak aipatuz, berri agentziak Seda hiriburuan manifestariek polizia etxeari «gasolina botilekin, labanekin eta harriekin» eraso ziotela agertu zuen. Gainera, «eurei ere eraso» zietela eta «hamalau polizia zauritu» zituztela gehitu zuen.
Poliziak manifestariei lasaitzeko eta armak albo batera uzteko eskatu zietela eta horiek eskaerari muzin egin ostean soilik tirokatu zituztela ziurtatu zuen Txina Berria agentziak, bilduta zegoen jende multzoa sakabanatzeko.
Inkomunikazioa
Polizia etxearen aurkako erasoaren ostean, Sedako biztanle, agintari zein poliziekin harremanetan jartzea ezinezkoa zen atzo. Telefonoak une oro komunikatzen zeuden, lineak moztuta zeudela aditzera emanez.
Sichuan eskualdeko Aba herrian -monje budisten erresistentziaren hiriburua- hotelari batek «baimenik gabe herrikoa ez den inor» ezin zela sartu esan zion prentsari eta inguruan txinako Segurtasun Indarren presentzia handia zela ziurtatu zuen.
Tibetarren elkarteek 2008ko gertakariez geroztik Txina errepresioa handituz joan dela salatu zuten.
Astehelenean eta asteartean izandako istiluetan Txinako Poliziak manifestariak tirokatu izana eta ondorioz hainbat manifestarik bizia galdu izana onartu du, beti ere, erasoen erantzun gisa.