GARA > Idatzia > Euskal Herria

Seysses-en espetxeratu dute Urruñan atxiloturiko Ernesto Prat iheslaria

Urruñan atxilotu zuten Ernesto Prat iheslari berriozartarra Seysses-ko espetxean sartu zuten atzo arratsaldean. Astelehenean Pauera eramango dute, epaileak bere kontrako euroaginduari buruzko erabakia har dezan.

p013_f02.jpg

GARA | URRUÑA

Seysses-eko espetxean (Okzitaniako Tolosatik gertu) sartu dute atzo goizean Urruñan atxilotu zuten Ernesto Prat Berriozarreko iheslari politikoa. Askatasunak zabaldu duenez, Auzitegi Nazional espainolak aurkezturiko euroagindu baten ondorioz atxilotu zuen Prat Polizia frantsesak. Ekin taldeko kidea izatea leporatzen diote.

Atxilotu ondoren Pauera eraman zuten, eta espetxeratzeko agindua eman zuen epaileak. Astelehenean berriro eramango dute Pauera, Apelazio Auzitegiak erabaki dezan Madrilek aurkezturiko euroagindua onartzen duen ala ez.

Pratek 2008an ihes egin zuen, Guardia Zibilak Nafarroako ezker abertzaleko hainbat kideren kontra egindako sarekada baten ondoren. Ateak Ireki webguneak gogorarazi zuenez, sarekada horretan atxilotutako gehienek salatu dute inkomunikatuta eduki zituzten bitartean torturatu egin zituztela. Egun aske daude, epaiketa eginda, epaiaren zain.

Prat Urruñan atxilotu zuten atzo, 09.30 aldera, bere etxetik atera zenean. Senideek GARAri azaldu ziotenez, nahiko modu lasaian egin zuten atxiloketa Baionako Polizia Judizialeko agenteek, eta geroago, abokatuarekin bildu zenean, ongi zegoela esan zion Pratek.

Ernesto Praten atxiloketa salatzeko elkarretaratzea egin zuten atzo Urruñako itzulgunean, eta 53 lagun bildu ziren.

Berriozarren, berriz, mozio bat onartu zuen Udalak. NaBairen eta Bilduren sostenguarekin eta UPN, PSN eta PPren aurkako botoekin (I-E abstenitu egin zen) Praten errugabetasun printzipioaren aurka ez egitea eskatu zioten komunikabide eta alderdiei, oraindik epaileek haren kontra ez dutela ezer erabaki nabarmenduz. Atxilotuaren senideei elkartasuna adierazi zieten, eta horrez gain, egungo egoera politikoan errepresioaren bideari amaiera jartzeko eskatu zieten Estatu espainol eta frantsesari. Baztanen batzar informatiboa egin zuten.

«Atxiloketa berri hori gogor salatzen dugu. Gero eta jende ezberdin gehiagok urratsak eskatzen dion momentuan, oraindik ere errepresioarekin besterik erantzuten ez duen Estatu frantsesaren jarrera penagarria eta lotsagarria dela esaten dugu. Atxiloketen bukaera, euroaginduen desaktibazioa eta ahalik eta gehiena hondatzen saiatzen diren prozesu demokratikorantz urratsak azkenean egin ditzatela eskatzen diogu», adierazi zuen Askatasunak ohar batean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo