Anartz BILBAO Musikazalea
Zu zara «nagusia!» Anartz BILBAO
Urtebete atzo, egiptoarrek Tahrir plazara egin zutenetik, haserre. Hosni Mubarak zena Batzorde Militarra da egun. «Otro militar ocupa su lugar» esango luke La Pollak, eta «pinuz kokoteraino, eta militarrez... nola esan?» erantzun guk.
Suminduekin jarraituz, hemen beste bat. 60 urtetik gora ditu eta haserretu egin omen da, egungo egoera ekonomikoa dela-eta. Ez da baina Stephane Hessel berbagai duguna, Bruce Springsteen baino.
Ameriketan ere zakurrak ortozik dabiltza antza, rock izarra sosegatu ezinik ei dabil-eta. Sumindu zaigu, eta batetik zein bestetik esaten denaren arabera, «krisi ekonomikoak eragin dituen desberdintasunez zein protesta soziala piztu duten mugimenduez mintzo da lan berrian».
Poltsikoa zulatuta duen BEC-en jo zuen lehenengoz Euskal Herrian Springsteenek, Aldundiak doan utzi baitzion aretotzarra. «Ez pentsa kontua ezkutuko diru laguntza bat denik!», bota zuen orduan Bilbao Ahaldun Nagusiak -zein euskal artistari barkatu diote BECeko alokairua?-.
Ondotik beste bitan izan da gurean New Jerseyko musikaria, eta zuzeneko bikaina eskaini, ohi legez. Ekainaren 2an beste aukera bat izango da E Street taldea zuzenean entzuteko, beste behin, Anoetan. Eta krisi ekonomikoak gugan izan duen eraginarekin haserre dagoenez, jada salgai diren sarrerak 65 euroan utzi ditu -merkeenak- goitizenez `nagusi' den suminduak.
Kasualki, Sony-k martxoan argitaratuko duen «Wrecking Ball» lan berrirako promozio makineria martxan jarri duenean atera du haserrealdia plazara Springsteenek. Aurreneko singlea, «We Take Care Of Our Own» entzungai dugu jada; sumina ageri omen duena: «asmo onen bidea agortu egin zaigu» esaten du bertan. Horixe bera.