Xabier Izaga | Kazetaria
Eguneroko antzerkia
Aste honetako albiste ugarien artetik pare bat dabilkit buruan oraindik eta paperera jaurtitzen saiatuko naiz, hartarako aukera eman didatenez gero.
Arabako Aldundian «ETA ez» dioen kartelak eskegita jarraituko du, Batzar Nagusiek kentzea erabaki zuten arren. Euskal Herrian jende gehiena ados dago ETAren erabakiarekin; beraz, ETAk bere jardun armatua bertan behera uztea erabaki zuenez geroztik, egokiagoa litzateke «ETA (horrela) bai» dioen kartela.
Esparru politiko guztiek arma bidea uzteko eskatzen zioten ETAri, eta ezker abertzaleak gogotik lan egin zuen erabaki hori har zezan. ETAk halaxe egin duenean, ordea, PPri eta haren esparru ideologikoari ez zaie batere ondo begitandu. Ondorioz, ez dute zirkinik ere egin erabaki horren norabidean, bakearen norabidean. Hartara, PPk «ETA ez» dioena kentzeko interesa izan beharko luke; areago, «ETA bai» dioen bat jarri beharko luke, bere jarrerak eskatzen duen legez; erakusten ari denez, ez baitu ETA arbuiatzen bere jardun armatuagatik, hura uzteagatik baizik (haren hedabideak Frantziako atxiloketengatik baino gehiago atxilotuak jardun armatura itzultzeko prestatzen ari zirela entzundakoan poztu ziren). Bestela, zehaztea komeniko litzaioke: «ETA horrela ez».
Beste kontua Altsasuko alkatearen eta beste lagun baten inputazioa da. Asteazkenean deklaratu zuten Madrilgo Auzitegi Nazionalean espainiar erregea iraintzeagatik eta Espainia laidotzeagatik. Bai, jaun-andreok, «por injurias al Rey y ultraje a España», tócate los cojones.
Altsasun polizia-jazarpena salatzeko egin zuten antzezpena barregarria da, edo hala iruditu zitzaidan niri bideoa ikusi nuenean. Antzerkia batzuetan halakoxea da. Baina barre egin arren, ez nuen errege hori iraindu; ez zen nire asmoa eta ez nuen iraindu. Erregearen gaineko parodiarik ikusi gabe ere, ordea, askotan hura ikustean, eta areago entzutean, ezin izaten diot barreari eutsi (jende gehiagorekin ere gertatzen zait hori, eta onartzen dut beharbada lagun askori gauza bera gertatzen zaiela nire piura ikusita). Eta uste dut parodiatzeko pertsona egokia dela.
Ala zer, «errepublikano juankarlisten» alukeriak eta zein xaloa, campechano den eta gisako ergelkeriak bakarrik irentsi behar al ditugu?