Oinarrizko errenta beharrezkoen denean, zorroztu egin dituzte hura jasotzeko baldintzak
Daniel Raventos Ekonomian doktorea Oinarrizko Errenta Sarearen presidente da. GARAk egin dion elkarrizketan oinarrizko errenta unibertsalaren beharra nabarmendu eta hura ezartzea posible dela erakusten duten azalpen ondo argudiatuak ematen ditu. Halaber, beste hainbat kontu jakingarriren artean, oinarrizko errenta jarduera ekonomikoa sustatzeko neurria ere izan litekeela dio, eskaria areagotzea eragingo luke eta.
Gutxieneko errenta beharrezko baliabidea da edozein gizarte justutan, eta egoera larrian egoteko zoritxarra dutenei laguntzea herritar guztien zeregina da, beren herri erakundeek kudeatu behar duten zeregina. Gaur egungo testuinguruan, krisialdi larri baten erdian, are beharrezkoa da oinarrizko errenta, Raventosek dioen bezala. Hala ere, bai Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, bai Nafarroan, diru sarrerak bermatzeko errenta eta gizarteratzeko errenta izendapen berrien pean, laguntza hori jasotzeko baldintzak zorroztu egin dituzte, testuinguru beltz hau eragin dutenek eskatzen dutenaren menpeko gizarte politikak ezarriz. Eta hori gizarte justu baten aurkako jokaera ez ezik, gizarte demokratikoaren aurkakoa ere bada.