GARA > Idatzia > Euskal Herria

Frankismoko azken urteetako testigantza erreala emateko jaio da Goldatu elkartea

p018_f01.jpg

Mikel PASTOR |

Gero eta gehiago dira frankismoaren biktimak biltzen dituzten plataformak, «bertsio ofizialaren» gainetik, garai hartako krudelkeriak eta erailketak gordinki salatzen dituztenak. Goldatu elkartea ildo beretik jaio da, frankismoaren bukaera aldean eta «trantsizioan» egindako basakeriak gizartearen aurrean estalkirik gabe azaltzeko, garai horretako (1960-77) gudarien testigantza zuzenekin.

Zergatik orain? Proiektua momentu honetan abian jartzeko arrazoia ederki azaldu zuten plataformako ordezkariek: «Ikusi izan dugu azken urteotan hedabideetan frankismoaren historiaren inguruan manipula- zioa izugarria dela», eta ez hori bakarrik: «Fraga ministro hiltzaileari eginiko omenaldia» eta «Mayor-Orejaren adierazpenak» ikusita, beraien ustez, «egiazkoa ez den errelatoa eraikitzen ari dira» komunikabide eta politikari batzuk.

Horren aurrean, garai gogor haietan diktadurari aurre egin zioten batzuk bildu ziren atzo Bilbon, talde beteranoa osatuz. «Inpunitatearen aurrean, gure ahotsa errebindikatu nahi dugu garaiko testigu garrantzitsu bezala», azaldu zuen Sabin Arana hizlariak. Goldatu izena zergatik jarri dioten argitu zuten, «goldatzea lurrari haizea sartzea da, garbitzea, eta hori da guk historiarekin egin nahi duguna, garbitu, aire freskoa sartu, alegia», azaldu zuen Aranak.

Azkenaldian, memoria politikoa berreskuratzearen aldeko lana egiten duten talde ugari agertu dira, Ahaztuak 1936-77, Euskal Memoria, «Goldatu beste taldeekin koordinatuta arituko da lanean, bakoitzak bere esparrua jorratuko du», azaldu zuten plataforma berriko kideek. Goldatu oraindik bizirik daudenen testigantzarako esparrua izango da, «gure azalean bizi izan genuena hurrengo belaunaldiek ezagutu dezaten», testigantza hori «gaur inoiz baino beharrezkoagoa delako».

Bukatu gabeko prozesua

Hizlariek gogor kritikatu zuten Estatu espainolean egindako «trantsizioa», eta datu gordinak eman zituzten: frankismoan indarrean zegoen TOP Tribunal de Orden Público delako auzitegiko hamaika epailek Auzitegi Gorenean edo Auzitegi Nazionalean bukatu dute euren bidea.

1977ko Amnistia Legearen kontra agertu ziren halaber: «Denontzako askatasunaren izenean, frankista berriek euren lagunak askatu zituzten», horregatik, Goldatu elkarteak uste du «benetako trantsizioa» burutzeke dagoela gaur-gaurkoz.

Agerraldia baliatu zuten plataformaren oinarriak aurkezteko. Memoria berreskuratzea ez ezik, ohorea eta duintasuna berrezartzea ere helburu nagusitzat ditu Goldatuk, baina ez dira, halere, bakarrak.

Besteak beste, Auzitegi Nazionalaren moduko tribunal bereziak ixteko eskatzen dute, Parot doktrina bertan behera uzteko, Euskal Herriko preso politikoen kontrako dispertsio politikari amaiera emateko edota alderdi frankistak legez kanpo uzteko.

Ekitaldiari amaiera emateko, Periko Solabarria militante historikoari omenaldi hunkigarria egin zioten, portugaletetarrak atzo 82 urte betetzen zituen eta.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo