Titzina Teatrok guztiok berdintzen gaituen heriotza du ardatz bere «Exitus» hirugarren antzezlanean
Titzina Teatro konpainiak «Exitus» lana taularatuko du gaur eta bihar Bilboko Campos Eliseos antzokian. Diego Lorca eta Pako Merino santurtziarrek heriotzaren lau ikuspuntu ezberdin jorratzen dituzte.
GARA | BILBO
Exitus letalis edo «irteera hilgarria» medikuntzan erabiltzen den adiera da heriotzari erreferentzia egiteko eta hortik hartu dute Titzina Teatro konpainia osatzen duten Diego Lorcak eta Pako Merinok «Exitus» antzezlanaren titulua.
«Sormen artistikotik erantzuten dugu heriotzaren inguruan egiten den zenbait galdera», azaldu zuten atzo Bilbon egindako aurkezpenean. Heriotzaren lau ikuspuntu ezberdin jorratzen dituzte agertokiaren gainean. Gaur eta bihar Campos Eliseos antzokian taularatuko dute euren lana, gaur 20.00etan eta, bihar berriz, 19.00etatik aurrera.
Titzina Teatrok sortutako lehen bi ikuskizunek («Folie a deux. Sueños de psiquiátrico» eta «Entrañas») eromena eta gerrak jorratu zituzten, eta orain aurkezten ari den «Exitus» hirugarren lanak heriotza hartzen du ardatz.
Pertsonaia ezberdinak txandatzen dira antzezlanean zehar eta bakoitzak bere ikuspuntutik lantzen du heriotzaren gaia: alde profesionaletik, tragikotik edo atzerabiderik ez duenetik. Lorcak eta Merinok, ehorztetxeko langileak, langabe bat, industria farmazeutikoko zuzendari bat edo abokatu bat gorpuzten dituzte. Pertsonaien bizitzak nahasten joango dira guztien patua berdina dela jabetu gabe.
Komedia eta drama uztartzen dituen obra honekin, konpainiak beti landu duen ezaugarriari eusten dio, hau da, sorkuntzaren antzerkia. Titzina Teatroren lan guztiak ikerketa sakonean oinarritzen dira eta, ondorioz, antzeztokian azaltzen diren pertsonaia zein eszenak bata bestearen atzetik agertzen dira era dinamiko, poetiko eta itxura tragikomikoarekin.
«Exitus» lanaren testua, «Folie a deux. Sueños de un psiquiátrico» eta «Entrañas» testuekin batera editatu du Artezblai argitaletxeak.