Karlos zurutuza | Prentsa idatziko argia sariduna
«Gatazketan jendea ahaztuta gelditzen da eta ni horrek bultzatzen nau»
GARAko eta «Zazpika»-ko kolaboratzaile honek jaso du prentsa idatziko Argia Saria. Leku anitzetako errealitateen berri ematen du erreportari donostiarrak; Libiara bidaiatu du, Afganistanera, Kaukaso iparraldera, Irakera, Iranera... batez ere, jende xumearen bizipenak ezagutu nahian.
Maider IANTZI | USURBIL
Luma finarekin eta umiltasunez kontatzen dizkio irakurleari Karlos Zurutuzak (Donostia, 1971) munduko gatazka ahantzietako kontuak, herrialde horietan bizi den jendearen testigantzak jasoz, beren ametsak eta miseriak, beren eguneroko bizimodua azken finean, bonbardaketa handietatik urrunago joanez. Kazetari honek, analisi zorrotzak egitea baino, nahiago du begirada inork edo inor gutxik idazten dituen drama horietan jarri. Eta bere kroniketan bertze begirada hori bilatzen du beti, agertoki zailetan, Gadafiren aurkako erreboltek hartutako Libian edo Afganistanen, talibanen borrokan.
Usurbilgo Atxega Jauregian, bazkalostean egindako ekitaldian, ez zuen uste baina hunkitu egin zen kronikaria saria jasotzean. «Oso aitorpen polita» izan zen berarentzat, «Argia»-rekin lan anitz egin duelako eta hasieratik ateak ireki dizkiolako komunikabide honek; lehendabiziko erreportajea bertan kaleratu zuen eta hein batean horrek eman zion bide mundu honetan sartzeko. Orain, «Argia»-z aparte, GARArentzat, «Zazpika»-rentzat, «Berria»-rentzat, eta batez ere, kanpoko, ingelesezko hedabideentzat idazten du.
Nondik datorkizu bokazio hau?
Uste dut nahi gabe sortu zaidala. Ez nuen egun batean erabaki erreportaria izan nahi nuela. 2005ean, nire kasa hainbat bidaia egin eta gero, turista gisa, zerbait idaztea bururatu zitzaidan, baina ez neukan zehatz kazetaritza idazteko gogorik, baizik eta testu bat. Orduan, pixkana-pixkana bidaia testuetatik kazetaritza testuetara jo dut. Nik ofizioa aukeratu beharrean, ofizioak aukeratu nau ni.
Zergatik aukeratzen dituzu ahantzitako lekuak, herri kurdua edo Balutxistan, adibidez?
Batez ere hutsune handia dagoelako. Ohiko egunkarietan beti albiste berak agertzen dira, agentzietatik hartutakoak, eta agentzietakoak ez badira handik edo hortik hartuak dira, baina mundu erraldoi bat dago eta inoiz ez dugu izaten horren berri. Nik hau azpimarratu nahi nuke: GARAk bai ematen duela bide, ez nire artikuluak argitaratu izan dituelako, baizik eta beste komunikabideentzat ahaztuta dauden hainbat gatazkari jarraipen zuzena egiten dielako, eta hori txalotzeko modukoa da.
Jende arruntaren bizitza ezagutzen saiatzen zara.
Kanpotik xumeak eman dezakete, baina azken batean bizitza ikurrak dira. Kronika mordo bat jaso dezakezu Tripolitik, adibidez matxinoek mendean hartu zutenean, jakin gabe jendeak urik ote zeukan edateko. Ni han nengoelako, baina etxean banengo, sutan jarriko nintzateke, hori jakin nahiko nuke-eta. Jendea ahaztuta gelditzen da eta ni horrek bultzatzen nau.
Gatazka bera ere bai. Momentuan jarraipena egin arren, gero modaz pasatzen da.
Agortu egiten da, komunikabideei edo egitura handiei ez zaielako interesatzen edo, besterik gabe, ez delako saltzen. Gero, gure aldetik ere erru handia dago, kazetari freelance-ok inertzia baten barruan mugitzen gara. Tripolira banoa nire lagun bati eskatuko diot kontaktua, berak kontaktu hori pasatuko dit, ni pertsona horrekin egongo naiz eta agian lan bera errepikatuko dut, toki berean egongo naiz. Eta denok sartzen gara tranpa horretan. Ez bazabiltza erne inertzia horrek harrapatu egiten zaitu.
Gauza txarrak onak baino gehiago saltzen dira?
Bai. Nik beti esaten dut: Iraken, Iranen, Pakistanen, Libian jendeak bikain tratatu nau, euren etxeetan lo egin dut, erregea banintz bezala tratatu naute. Baina hainbat komunikabideren aurrean horrek ez du saltzen, saldu behar duzuna zauden tokia oso arriskutsua dela da. Kazetaritza-ikuskizuna da, non kazetaria historiaren zati bilakatzen den.
Bidaietako zein irudi dituzu buruan?
Momentu oso onak etortzen zaizkit burura, eta momentu oso saminak, eta ez arriskuan egon naizelako, oso egoera gorriak ikusi ditudalako baino. Gutxien espero duzunak desmuntatu egiten zaitu. Gogoratzen naiz Iraken egon nintzen azkeneko aldian, erabilitako armengatik minbiziak jotako umeei buruz lan bat egiten ari nintzela, ospitalean ume bat hiltzear zegoela. Ea nola zuen izena galdetu nion ingelesez eta hala erantzuten saiatzen zen, lehendabiziko aldia zen ni bezalako «amerikar» batekin hizkuntza horretan ari zela eta ama alboan zegoen harro.
Zein izanen duzu zure hurrengo proiektua?
Siriako bisatu baten zain nago, eta ematen ez badidate, Irakera joango naiz. Sirian zer gertatzen ari den jakitea da nire asmoa, datorkigun informazioa oso nahasia baita. Irakez ahaztu egin gara, baina egoera okertzen ari da egunetik egunera.
«Xumeak eman dezakete, baina bizitza ikurrak dira. Kronika mordo bat jaso dezakezu Tripolitik, adibidez matxinoek mendean hartu zutenean, jakin gabe jendeak urik ote zeukan edateko»
Sei sari banatu zituen atzo Argiak Usurbilgo Atxega Jauregian egindako ekitaldian, euskarazko komunikazioan nabarmendu diren talde, enpresa, profesional eta produktuei aitorpena egiteko. Horretaz gain, Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi omendu zuen, bere ibilbide osoa aitortuz Merezimenduzko Argia Sariarekin. Tamalez, ekitaldia baino lehenago hil zen Txillardegi, baina aurretik erabakita zeukaten omentzea.
Karlos Zurutuza saritu zuten prentsa idatzian; EITB Nahieran webgunea Interneten; eta euskal irratietan, Luzien Etxezaharretak eta Jakes Casabonek gidatutako «Gure bazterrak» saioa. Publizitatean, Klikmetroak.com kanpaina saritu zuten eta Kanaldude herri telebista telebistaren atalean. M. I.