Azkenean maskarada egingo da, ikastolako ikasle ohien talde bati esker
Aurtengo maskaradaren ibilbidea zaila izaten ari da. Zuberoa maskaradarik gabe ez gelditzeko, ikastolako ikasle talde batek ekintza herrikoia egitea deliberatu du. Prestaketa hurrengo bi hilabeteetan egingo da eta apirileko bost asteburutan eskainiko dute, bost herritan.
Gamere-Zihigako herriari egokitu zitzaion 2012ko maskarada egitea, baina ezbehar baten ondorioz herritarrek ikusgarria ez egitea deliberatu zuten. Ondoren, Santa Grazi herriak hartu zuen bere gain, baina aste batzuetara ezezkoa eman zuen. Orain Xiberoako Ikastoletako Ikasle Ohiak elkarteak hartu du maskarada egiteko engaiamendua.
Lehen entsegua larunbat honetan eginen dute Maulen. Hurrengo saioetarako kanpoko pertsona batzuei laguntza eskatu diete, maskaradaren prestaketarako esperientziarik ez baitute, nahiz eta gazteetako batzuek jadanik parte hartu izan.