GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Mikel Ibarguren Idazlea

Negu gorrian

Panorama beltza da. Eta horrelakoetan berez etortzen da mundu justuago baten amets urruna. Mundu arrano hau alda bidean jarriko lukeen eredu baten gogoa

Ez dira betiko garai onenak ekonomiarentzat. Egia esan, ekonomiak -zientzia bezala- ez nau inoiz erakarri -oinetako bustietan sartzeko erabiltzen nituen orrialdeok-, baina izurrite baten moduan zabaldu den krisia (ala iruzurra?) dela-eta nire arreta bereganatu du aspaldion. Ez da erraza, ordea, hainbeste informazio artean entresaka egitea eta ahaleginak egin arren, «diruaren malgutasunak ekonomiak kolpeetara egokitzeko duen gaitasuna handitzen du» bezalako semantika ulergaitzek are okerrago uzten naute. Bistan da, makroekonomia handiegi gelditzen zait, baina Grezia izozmendiaren erpina baino ez dela ulertzeko gai banaiz. Alta, krisi honek dena hankaz gora jarri duenetik orbela haizearen zurrunbiloan baino galduago nabil indikadore, kalifikazio-agentzia, erreskate plan, bankuen estres proben eta grafikoen kurben artean. Baina ondorioak zein diren eta izango diren badakit. Langabeen ilarak gero eta luzeagoak dira. Langileek langiletik gutxiago eta esklabotik gehiago dutela ere bai. Datuak ileak lazteko modukoak dira: sei minuturo lan-istripu bat gertatzen da, lau egunetik behin langile bat hiltzen da; dagoeneko 7.379 etxebizitza desjabetuak izan dira. Hor utziko dut. Zenbaki eta estatistika hotzen atzean jendeak bere drama bizi du. Europa dirukraziaren mende dago, bankuen lukurreria jaun eta jabe dabil eta demokrazia bezalako paradigma sozialak bere jostailu bihurtu ditu kapitalismo basati honek, herritar eskubide gabetuak miseria gorrian utziz (26 milioi jende Europan).

Frantz Fanon-ek 1961. urtean «Lurreko kondenatuak» liburuan idatzi bezala, Europak hartu duen abiada zentzugabe eta eroak ihes egiten dio edozein arrazoiketari eta maldan behera doa gelditu gabe.

Panorama beltza da. Eta horrelakoetan berez etortzen da mundu justuago baten amets urruna. Mundu arrano hau alda bidean jarriko lukeen eredu baten gogoa. Lurrean kondenatua den langile tristea zutik ezarriko duen sozialismo baten behar gorria, demokrazia eredu hurbilagoa, nik dakita, baina zerbait hau aldatzeko... Edo bestela esanda, non lokartu gara? Zer egin dugu gaizki hau guztia gerta dadin? Zertan asmatu da edo zertan ez? Eta orain zer? Norbaitek ba al du erantzunik, alternatibarik? Posible al da bestelako mundu bat ala kimera hutsa da? Ba al dago teoria edo pentsamendu modernorik, praxi politiko-sozial nahikorik honi buelta emateko? Benetan prest al gaude horretarako? Noiz bota behar dugu hau dena zerri-askara? Nola eragin errotikako aldaketa, horra gainditu gabeko koxka. Edo, kantuak dioen bezala, ez da ba izango bizimodu lasai bategatik idealak galdu ditugula betiko? Galderak baino ez ditut buruan orbitatzen, erantzun txar batek baino gehiago balio dutelakoan.

Kapitalismoak gizakia deshumanizatu egiten zuela zioen Marx-ek, hori ezin diogu kendu; ondorioz, sistema honek utopia inoiz baino beharrezkoagoa egiten duela pentsatzera narama ezinbestean. Bizi dugun distopiaren artean utopiko izateari utziko dion utopia bat eraikitzen joateko, baldin eta lurreko kondenatuak izateari utzi nahi badiogu.

Mundu guztiko utopikoak bil gaitezen eta has gaitezen aldatzen, hau dena aldatzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo