GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Laura Mintegi Euskal PENeko zuzendaritzaren izenean

Euskal PENen gutuna

Joan den igandean egunkari honetan «Gernika Batzordea sitúa el 75 aniversario del bombardeo en defensa del derecho a decidir» tituluaz argitaratu zen albistea ez da zuzena. Nire ahotan jarritako hitz bakar bat ere ez nuen esan. Nire parte-hartzea, Euskal PENek Gernikako bonbardaketaren 75. urteurrenarekin abiarazitako ekimena azaltzea izan zen. Kulturak eta kazetaritzak Gernika sinbolo bihurtzen izan duten garrantzian kokatu du Euskal PENek bere ekarpena. Horretarako munduko idazleei eskatu diegu poemak bidal ditzatela Gernikaz edo euren herrietan bizi izan dituzten beste Gerniken gainean («Other Gernikas»). Esan behar da harrera beroa jaso duela PEN Internationalen Londresko egoitzan, eta munduko hainbat elkartek bere egin dutela proposamena. Hasi gara poemak jasotzen.

Horixe zen larunbatean aurkeztu genuena, ez beste ezer. Gernika Batzordearen akats bategatik gertatu zen nahasmena, zorionez argitu dugu elkarrekin gertatutakoa. Baina GARAko irakurleei eta PENkide eta lagunei azalpena zor diegu. Bidenabar adierazi nahi dugu Euskal PENen lan-eremuak bi direla, adierazpen askatasunaren defentsa egitea eta munduko hizkuntzak eta literaturak sustatzea.

Ez dagokio PENi iritzi politikoak egitea. Lehenik eta behin hori ez delako bere arloa. Eta, bigarrenik, eta batez ere, begirune handia diegulako gure kideei. Eta, zorionez, nork bere iritzi politikoa du, PENen ezaugarrietariko bat baita ezberdinen arteko elkar ulertzea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo