Iruzur fiskala ez da bigarren mailako kontua
Bizkaiko Ogasunak atzeman duen 560 milioi euroko iruzur fiskala, joan den urteari dagokiona, onartezina da edozein ikuspuntutatik eta edozein momentutan; eta krisi ekonomiko betean, langileak eta behartsuenak administrazioen politika ekonomikoen ondorioak gero eta gordinago pairatzen ari direla, are eskandalagarriagoa da. Zuzena eta egin beharrekoa da, beraz, Bizkaiko Aldundiak egin duen bezala, iruzurra atzeman eta jendaurrean jakinaraztea. Hala ere, bitxia da herri erakunde gehienek gutxienezko errentaren inguruko iruzurrari, esate baterako, ematen dioten garrantzia eta hura atzemateko jartzen duten ardura handia, hala nola errenta hori jasotzeko baldintzen zorroztasuna, iruzur horren zenbatekoa askoz txikiagoa izanda. Iruzur guztiak, irregulartasun guztiak atzeman eta saihesteko neurriak jarri behar dira, jakina, baina larriena, eta iruzur fiskala halakoa da, bigarren mailako kontua balitz bezala tratatu gabe. Joan den urtean Bizkaian izandako iruzur fiskalari dagokion diru kopurua Aldundiaren Gizarte Ekintzaren urteko aurrekontuaren parekoa da; halere, herrialdeko diru-sarreren ehuneko esanguratsu hori ez da, antza, lehen mailako albistea. Delitu horiek gertatzen direnean larritasunaren neurrian zigortzeko ardura ezinbestekoa da, eta ez bakarrik krisi garaian, beti baizik. Justizia eta eraginkortasun kontua da.