Xi Jinping AEBetara iritsi da, Txinako estatuburu izendatua izan aurretik
Xi Jinping Txinako presidenteordea Ameriketako Estatu Batuetan da, Barack Obama lehendakariarekin bildu eta bi herrialdeen arteko harremanei buruz hitz egiteko. Ezustekorik ezean, bera izendatuko dute Txinako estatuburu, eta bidaia hau bereziki esanguratsua da.
GARA | WASHINGTON
Xi Jinping Txinako presidenteordea munduan zehar bidaiatzen ibili da azken urteetan. Baina bere herrialdeko estatuburu izendatu aurretik egingo duen azken bidaia diplomatikoa izango da adierazgarriena; hain zuzen, Ameriketako Estatu Batuetan izango da.
Bidaia honetan, Xi Jinping txinatarraren ekintza eta keinu oro aztertuko dituzte Txinako eta kanpoko politikari zein adituek.
Ezustekorik ezean, bi fasetan lortuko du Xik boterea: Alderdi Komunistaren 18. Kongresuan, urrian, Txinako Alderdi Komunistaren (PCC) lidertza hartu - Hu Jintao, egungo buruzagiaren eskutik oinordetza jasoz-, eta ondoren, 2013ko martxoan, Parlamentuko urteroko saioan estatuburu izendatuko dute.
«Bisita hau da egin duen garrantzitsuena. Xik buruzagitza hartu behar du Kongresua egin ondoren, eta lekuko aldaketaren prestaketaren barne dago bidaia hau. Azken txanparen parte da», adierazi zuen Michel Bonni, Tsinghuan (Pekin) Unibertsitateko ikastegi frantses-txinatarreko zuzendariak.
Txinako etorkizuneko estatuburua Barack Obama AEBetako lehendakariarekin bilduko da Etxe Zurian. Iowa eta Los Angeles bisitatuko ditu ondoren.
Xi Jinpingek nazioarteko gaien gainean hitz egin eta komunikatzeko zer-nolako gaitasuna duen erakutsi beharko du bidaia honetan, Francois Godement Asia Centre institutuko zuzendariaren arabera.
Presidenteordea nazioartean eroso moldatzen dela uste du Bonnik, «Hu Jintao baino erosoago».
«Hu Liga Komunistaren produktua izan zen, Xi printze gorria da», gaineratu du, haren aita, Xi Zhongxun heroi iraultzai- lea, gogora ekarriz.
«Ongi prestaturik dauden buruzagien gisakoa» da Xi Jinping. Michel Bonnik azaldu duenez, «jakintsua» da, «nazioartean loturak» ditu eta gaitasun osoa «boterea iristeko», gehitu zuen .
Bisita honek zailtasunik ere badu, ordea. Izan ere, egungo egoera tirabiratsua da nolabait. Alegia, Nazio Batuen Erakundeak Siria gaitzesteko aurkeztutako proposamenari betoa ezarri zion Txinak, eta AEBek gogor kritikatu dute jarrera hori. Baina horrez gain, Txinak Tibeten dituen istiluek eta merkataritza arloan bi herrialdeen arteko tentsioa areagotzeak ere badute zeresana.
Wang Dong Pekineko Unibertsitateko kidearen hitzetan, bisitak helburu bikoitza du; batetik, estatubatuarrei eta bereziki euren lehendakariari adieraztea zein izango den laster «Txinako buru»; eta bestetik, bi herrialdeen «artean konfiantzazko harreman egonkorrak eraikitzea».