Arabako kuadrilla arteko ligak pil-pilean, eta Nafarroako aretoak lepo
GARA | GASTEIZ
Gasteizko Errexala elkartean, Aguraingo Aitxurin, Urkabustaizen, Saratxoko txokoan eta Aramaion jokatutako saioen ostean, pil-pilean da Arabako Kuadrilla arteko Bertso Txapelketa. Gasteiz-Aiaraldea ligan, Aiaraldeko Altubepekoek Eguzkiloreen kontra irabazten badute, berdinketa izango da hiru taldeen artean. Hala bada, punturik gehien bildu duen taldeak egingo du aurrera.
Gasteizko ligan, Kakiturri-Ehari eta Aizkorak Zorroztu-ren artean jokatuko dute finalerdietarako azken guda; Zuiako ligan, Aramaioko bi taldeen arteko demak emango du ligako irabazlea; eta Lautada-Errioxan, Aguraingo Sorginetxe taldeak finalerdietako pasea eta ligako garaipena lortuak ditu.
Nafarroan, zazpi saio egin dituzte Bardoak taldekako lehendabiziko txapelketan. Barañain, Bera, Txantrea, Intza, Aniz, Leitza eta Iruñean jokatu zituzten saioak lehiaketaren bigarren asteburuan, eta denetan «ezin hobea» izan zen erantzuna, nabarmendu zutenez. Lehen faseko azken saioak jokatuko dituzte datorren asteburuan eta orduan jakinen dugu zein bost taldek segituko duten Leitzako Leitzaundirekin batean.