Sokatira Euskadiko Zortziko Txapelketa
Abadiñok pasa den asteko arantza atera, eta 600 kilokoan txapela janzteko modua egin du
Jon LEUNDA
Abadiño A taldeak jantzi zuen larunbatean Euskadiko Zortziko Txapelketako denboraldiko bigarren txapela. Oraingoan 600 kilokoa irabazi dute berdeek. Hiru final jokatu dira, eta horietatik bitan izan dira onenak; beraz, orain arte egindakoa ezin esan oso txarra denik.
Bizkaitarrek pasa den astean ezin izan zuten txapela jantzi, eta 600 kilokoari eusteko asmoarekin plazaratu ziren larunbatean, eta hor ez zieten aukerarik eman gainerakoei, eta garbi utzi zuten zergatik ziren faborito.
Amaiur taldeak lortu zuen bigarren postua. Nafarrek oso lan ona egin zuten, baina ezin izan zuten Abadiño mendean hartu. Hala ere, egindakoarekin konforme geratu ziren. Ibarra ere ez zen gaizki aritu. Pasa den astean txapela lortu zuen, eta oraingoan ere podiumean sartu zen. Gipuzkoatik lehian ari den talde bakarrak lan bikaina egin zuen. Atzetik Sokarri eta Ñapurrak sailkatu ziren. Ligaxkan oso maila ona eman zuten bi talde hauek, txapela lortzeko faboritoen artean ere bazeuden, baina finalean ezin izan zuten podiumean sartu. Abadiñoko bigarren taldea sailkatu zen azkeneko postuan. Hauen helburua finalean sartzea zen, eta hori, behintzat, bete zuten.
Emakumezkoetan, Badaiotzek irabazi zuen 500 kilokoan bigarren jardunaldia ere, eta ikaragarrizko okerren bat gertatzen ez bada, arabarrek eramango dute txapela datorren astean.
Lehen jardunaldiko emaitzak errepikatu egin ziren bigarrengoan ere, eta Badaiotzen atzetik sailkatu zen Sakana, eta ondoren Ibarra, Berriozar eta Bizindar. Sailkapen nagusian ere hurrenkera horretan daude. Euskadiko Txapelketa larunbatean amaituko da, Arrigorriagan jokatuko den saioarekin.