GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Ariane Kamio Kazetaria

Betaurreko zikinen atzetik

Beldur, izu, ikara, lotsa eta ezinezko horietara guztietara lotu ginen. Eta haiekin bizitzen ikasi genuen. Noizean behin ohartzen gara gainean daramagun zama horretaz, estropezu eginarazten gaituenean, eta atsekabetzen gara belaunak lurrean iltzatu behar ditugun bakoitzean. Malko artean askotan, madarikazioka pasatzen dira egunak eta asteak, ezinezkoak ikuspegi zenitaletik begiztatzen gaituela ohartzen garen bitartean.

Norabidez aldatzen dugu bizitza, eta lainopean sartzen gara maiz, estalduraren bila, isiltasunaren bila, bakardadearen bila. Zama «deszamatzen» bizi gara, eta azkar egin nahiko genuke lasterka, gero eta urrutiago joateko, are urrunago joan dadin gure barrua, gure kezka, gure antsietatea.

Irudimenari eraginez elikatzen dugu imajinarioa, eta bizitza berbideratzen saiatzen gara, zuzentzen, «bide egoki» horren zelatan. Oraingoan bai, lortu dut, esaten diogu geure buruari. Baina bada beti zerbait, bada beti norbait, pauso bat harago joaten eragozten diguna.

Ihesean ibiltzea izan daiteke akaso, baina nork bere beldurrei aurre egiteko erronka iraunkorrari atseden ematea dela deritzot nik. Haurtzarora begiratzen dugu maiz, atzera, gure arazoen arrazoia bertan bilatuko dugulakoan. Baina, azken batean, gu geu gara geure burua mugatzeko gaitasuna dugun bakarrak, baita gainditzeko giltzaren jabeak ere.

Harri kozkor batek ere badu non pitzatu ordea, eta batzuk gehiago, besteak gutxiago, nork bere buruarekin badu beti zer borrokatu eta zer gainditu. Norabidea ez da soilik maitasunagatik galtzen den esentzia preziatua; norberak bere burua nahasteko nahikoa ahalmena badu. Nahiz eta betiereko beldur menderakaitzik ez dagoen. Azkenean, beti dagoelako zer esan, nori kontatu eta non erakutsi. Bizitza antzerki handi bat ez bada, zergatik ez behingoagatik geure zapaten gainean ibili? Betaurreko zikinen atzean hamaika lentedun kaleidoskopiotik mundua begizta daiteke, ikuspuntu bakar batetik begiratzera nork bere burua kondenatu gabe. Ezina zinez hausten da beti eta bizitza egunero hasten. Zuretzat.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo