GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Estatu espainolak bere neurriko gobernuak ditu

Europako Batzordeak, herrialdeen egoera makroekonomikoa aztertzeko, gehiegizko desorekak atzemateko alerta mekanismo bat abiatu du, hamar aldagaitan oinarritua. Mekanismo horren lehen txostenak dioenez, hamar erakusle horietatik seitan huts egiten du Estatu espainolak. Egunean baino egunean argiago agertzen da Espainia «handi» horri Europan eta munduan dagokion lekua. Eta Estatu horrek bere neurriko gobernuak ditu, atzo Estatuaren defizitaren gaineko ika-mikaren azken adibidea izanik. Reuters agentziaren arabera, Rajoyren Gobernuak 2011ko defizitaren zenbatekoa puztu zuen, ondorengo datuek hobeak eman dezaten. PPk gezurtatu egin zuen halakorik egin izana, eta Olli Rehn Europako Batzordeko presidenteorde eta Arazo Ekonomikoetarako arduradunak Reutersen informazioa berretsi ez bazuen ere, gezurtatu ere ez zuen egin. Nolanahi ere, gutxienik argitasun eta seriotasun falta nabarmena sumatzen zaio Rajoyren Gobernuari, agintea hartu orduko egoera uste zutena baino okerragoa dela eta okerrera egiten badu aurreko gobernuaren errua izango dela adieraztea seriotasun ezaren erakusle argia baita. Bestetik, Olli Rehnek 2012ko aurrekontua lehenbailehen aurkeztera premiatu zuen Madril. Ez da zaila, are gutxiago ikusitakoak ikusita, aurrekontuen berandutze hori eta datorren martxoko Andaluziako hauteskundeak lotzea. Seriotasun falta nabarmena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo