GARA > Idatzia > Ekonomia

Lur Berriren jokamoldea salatu du CFDTk, etekinak langileen artean ez banatzeagatik

p029_f02.jpg

Arantxa MANTEROLA | BAIONA

Batez ere nekazaritza arloko produktuen salmentan diharduen Aiziritzeko Lur Berri kooperatibarekin aspaldiko urteetan duten auziari buruz, CFDTko berrogei bat langilek eta langile ohik beren haserrea azaldu zuten atzo, Baionan, enpresak etekinen banaketarekin duen jokamoldeagatik.

Gorabeherak orain hamabi urte hasi ziren, enpresak urteroko kontabilitate emaitzetan etekinen banaketarako sortzen duen erreserba murrizten hasi zelarik. Erreklamazio eta eskakizun bideak alferrikakoak izan zirela ikusirik, 194 langilek auzitara jotzea deliberatu zuten (orduan 240 bat ziren).

Geroztik, hamaika gorabehera izan dituzte. Hasierako epaiek langileei arrazoi eman zieten, eta hala, zorren aurrerapen gisa langile bakoitzari 1.000 euro ordaintzera behartu zuten enpresa, 2008an.

Dirua itzultzeko eskaera

Alta, Epaitegi Gorenak ez zituen ordura arteko auziak ontzat eman, eta prozedura juridiko guztia oraindik ere erabat amaitua ez den arren, Lur Berrik ez zuela legez kanpo jardun ebatzi zuen.

Momentuz azken ebazpen hori betearazlea denez, enpresak aurreratutako diru kopurua apirilaren bukaera baino lehen itzultzeko eskatu zien abenduan langile eta langile ohiei.

CFDTren aburuz, jokamolde horrek enpresaren «borondate eza erakusten du, bitarteko ekonomikoak izan, badituelako». Horren lekuko jarri zuten azken asteotan Lur Berri taldeak Labeyrie enpresa erosi izana. «Bere sorrerako helburuetatik aldenduz, badirudi finantza munduan sartzen ari dela eta elkarrizketa sozialari muzin eginda, nahiago du dirua langileen bizkar aurreztea» salatu zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo