GARA > Idatzia > Euskal Herria

Irakasle lanpostuen murrizketa salatzeko mobilizazioa aurrera doa

2012-2013 ikasturterako irakasle lanpostuen kopuruak zehazten dituen eskola mapa ostegun eta ostiralean erabakiko dute Paueko Akademia Ikuskaritzan. Proposamena joan den astean zabaldu zen, eta Zuberoan eskola batzuetako gurasoak mobilizatu egin dira.

Idoia ERASO | BAIONA

Zuberoako Muntori, Barkoxe eta Maule Garaia eskoletako gurasoak mobilizatuak daude, joan den astean irakasle lanpostuak galduko zituztela jakin zutenetik. Eskola horietatik bi elebidunak dira. Hezkuntza zentroak okupatu dituzte. Urdiñarbeko eskola ere okupatuta zegoen, baina Akademia Ikuskaritzako inspektoreak egin zuen bisitaren ondoren utzi zuten.

Estatua bultzatzen ari den baliabide murrizketaren ildotik doa eskola mapa hau, urtetik urtera lanpostu kopurua txikituz. Pirinio Atlantikoen departamenduan 46 lanpostu kenduko dituzte hurrengo ikasturterako.

Murrizketa horri erantzunez, hezkuntza publiko elebiduneko gurasoen Ikas-Bi elkarteak honakoa salatu zuen: «Zerbitzu publikoaren eskaintzan egin duten atzerapausoa kalitatezko hezkuntza elebidunaren kontrakoa da». Euskararen irakaskuntzaz gain, landa eremuetako zerbitzuen okertzea nabarmendu zuen elkarteak: «Mendi eremua indartzeko hautetsiak egiten ari diren ahaleginaren kontra egiten du lanpostu kentze honek».

Gaur beste bi elkartek ere murrizketen kontrako salaketa egingo dute. Batetik, Ikas-Biren eremuan lan egiten duen Biga Baik hezkuntza elebidunaren egoera aztertuko du. Bestalde, ahalmen urritasunen bat duten pertsonak eta horien gurasoak biltzen dituen Handik kolektiboak salatzen duenez, urritasunen bat duten 38 ikaslek eskolatzeko aukera arriskuan dute, laguntzaile eskasiagatik.

Ostiralean mobilizazioa

Intersindikalak, LABek eta FCPE64 guraso elkarteak ostiralean eskola maparen kontra mobilizatzera eta greba egitera deitu dute. Paueko Akademia Ikuskaritzaren aitzinean piknika egingo dute sindikatuek eguerdian, eta ondoren Prefekturan manifestazioa egingo da.

Salaketa astea

Bihar eta etzi mobilizatzera deitu dute sindikatuek. Bihar, Baionako Citadelleko eskolan elkarretaratzea egingo dute, eta ostiralean, piknika egingo dute Pauen, Ikuskaritzaren aitzinean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo