GARA > Idatzia > Euskal Herria

Baionako Plantouneko 39 etxe ekologikoak botatzea gomendatu du adituen txostenak

p017_f01.jpg

A.M. | BAIONA

Baionako auzitegiak adituei agindutako txostenaren edukiaren berri eman du «Sud-Ouest» egunkariak, nahiz eta azken ondorioak maiatza bukaera arte arte ez diren ofizialki ezagutaraziko. Hala, Bernard Detroyat adituaren taldearen iritziz, Hameau de Plantoun eremuko 39 etxeak bota eta berriro eraikitzea litzateke hoberena.

Eraikuntza ekologikoaren ezaugarrien arabera Santa Gurutze auzoko eremuan duela ia hiru urte eraikitako egurrezko etxe-multzoak hasiera-hasieratik akats larriak izan ditu.

Babes ofizialeko etxeok Baionako OPHBk sustatu zituen, etxebizitza sozialak kudeatzen dituen udal egitura erdi-publikoak. Bernard eta Marie Bühler arkitektoak arduratu ziren ingurumen kalitate gorenaren (HQE) arauak beteko zituen proiektu aitzindariaz.

Hala, 2009ko udaberrian, etxea erosi zuten hogeita hamar bat familia jarri ziren bertan bizitzen. Eraikuntza babes sozialekoa izaki, metro koadroko 1.950 euro inguru ordaindu behar izan zuten (garai hartan, batez beste, metro koadroa 3.000 euro ordaintzen zen Baionan).

Zazpi etxe aztertuak

Alta, arazoak segituan hasi ziren, batez ere, isolamendua (bai termikoa, bai akustikoa) eta aireztapena zirela-eta. Euria egiten zuelarik, etxeak «oihartzun kutxa» bat zirudiela salatu zuten. Halaber, neguan hotzari eutsi ezinik egoten ziren bitartean, udan metatzen zen bero ikaragarria medio, etxe barruan ezin zela egon nabarmendu zuten. Pitzadurak ere berehala agertu omen ziren.

Plantouneko jabeek hamaika erreklamazio egin zituzten, baina gauzak konpontzen ez zirenez, auzitara jo zuten, adituen azterketa eta guzti.

Baionako auzitegiak berak beste aditu batzuen txostena eskatu zuen, eta hori da, hain zuzen, plazaratu berri dena. Zazpi etxe sakonki aztertu dituzte eta beren ebazpena argia da: konpontzea ezinezkoa denez, 39 etxeak bota eta berreraikitzea gomendatu dute.

Epaitegiak ez du oraindik erabakirik hartu, baina jabeen defentsarako elkartea OPHBren eta Udalaren erreakzioaren zain daude. Horren begi bistakoak izanik, hauek ez dute inoiz arazoak daudela ukatu, eta ardurak norenak diren (sustatzailearenak, eraikitzailearenak edota arkitektoenak) zehazteko zain daude.

Arkitektoek, berriz, beren lana ongi egin zutela diote, eta horren lekuko, Kontrol Bulegoaren ziurtagiriak daudela gogoratu ostean, eraikuntzaz arduratu ziren enpresen bizkar jarri dituzte narriadura eta akats guztiak.

Baionako auzitegiak adituen gomendioa ontzat emango balu, berriro eraiki bitartean beste nonbait aterpetuko beharko lituzketela uste dute etxeen jabeek, «zentimo bat bera ere» beren gain hartu behar gabe.

Badira, ordea, desengainu handia dutenak, eta beren mailegua eta jasandako kalteak itzultzea nahiago luketenak, beste nonbait bizitzen jartzeko. Guztiak epaitegiari so daude, beraz, baina hilabete batzuk itxaron beharko dute behin betiko erabakia plazaratu arte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo