GARA > Idatzia > Kultura

Hedabideek euskara nola biziberritu duten aztertu du Garabidek

Zergatik dira garrantzitsuak hedabideak hizkuntza baten biziraupenerako? Zer du Euskal Herriak emateko arlo honetan? Bi galdera horiei erantzunez, XIX. mendeko lehendabiziko euskal kazetetatik EITB Nahieran webgunerainoko bidea ikertu du Garabidek.
p047_f01.jpg

Maider IANTZI | DONOSTIA

Euskararen esperientzia ardatz hartuta, hizkuntza gutxituak biziberritzeko komunikabideek zer eragin izan dezaketen ikertu du Garabidek, eta liburu eta DVD batean bildu du lana. Alberto Barandiaranek idatzi du liburua, 65 orrialde ditu eta euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez argitaratu dute. Bideoak, aldiz, 14 minutu irauten ditu, Argiak ekoitzi du eta Maialen Sarasuak egin ditu errealizazio lanak.

Miren Artetxe Garabideko kideak agertu zuenez, lan honek «Euskararen berreskurapena» osatzen duten aurreko bi liburuen helburu bera du: euskararekin izandako esperientzia sintetizatzea, analisirako zer gako interesgarri izan diren ikustea eta gatazka antzekotan dauden herrien eskura jartzea. Ez eredu bezala erakusteko, gure adibidea zein den ikusteko eta beraiek bertatik nahi duten irakaspena ateratzeko baizik.

Azkeneko lanean hedabideei jarri diete arreta, eurekin lanean ari diren bertze komunitateek -Ekuadorren kitxuak, ketxuak Bolivian edo maiak Mexikon eta Guatemalan- garrantzi handia ematen dietelako garai honetan komunikabideei. Anitz merkatu dira baldintzak, hedatzeko dauden tresnak ere handiagoak dira eta aukera handi bat bezala bizi dute.

Nork eta nola baino, zergatik

XIX. mendeko lehendabiziko euskal kazeten sorreratik EITB Nahieran-era, tarte horretan dagoen ibilbidea nolabait sintetizatzen saiatu dira, hartzaile gisa antzeko atakan egon daitezkeen beste komunitate linguistikoak hartuz bereziki. Euskararen berreskurapen esperientzia Hegoaldeko jatorrizko herriekin konpartitzeko sortutako elkarte honentzat, anitzez garrantzitsuagoa da bidea nola eta zeinek egin duen baino zergatik egin den esplikatzea. Eta argi azaltzen dituzte ondorioak liburuan eta dokumentalean: «Hedabideen garrantzia funtsezkoa da leiho zabal bat direlako; egunkariak, telebistak, irratiak, errealitatearen eraikuntza dira, eta garrantzitsua da igeltseroak edukitzea, bakoitzak erabaki dezan nolako etxea altxatu nahi duen». Gainera, aukera ematen diete hiztunei «beren buruaren errepresentazio publikoa kontrolatzeko, komunitateko kideen ikuspegiak eta arazoak ezagutzeko, eta Gu-aren ideia txertatzeko».

Artetxek adierazi zuenez, Garabiden beti izan dute euren lan ildoa hagitz-hagitz zabala den sentsazioa, euskalgintza zabala delako eta gainontzeko komunitate linguistikoak zer erranik ez. Ez daude hizkuntza anitz euskara bezala heriotza bidean egotetik berreskuratzera igaro direnak, eta ardura sentitzen dute esperientzia hori bertzeen esku jartzeko. Euskalgintzako edozein eragilek zer eman badaukala uste dute eta laguntzera gonbidatu nahi dituzte guztiak.

«Euskara hegaz» jardunaldiak, euskal irratiak 80 urte bete dituela ospatzeko

«Artzeluztar Amaletxu edonork darau bere abotsa entzun dogulako ez behin, sarritan baino. Zubimendi zaharra, Luzear eta abar geure adiskide egin dira. Eta zelan gero? Irratiaren bidez! Holakorik entzutek bere!», adierazi zuen Lauaxetak 1933. urtean. Euskal irratiak 80 urte beteko ditu martxoaren 2an eta horren harira Koldo Mitxelena Kulturuneak «Euskara hegaz» izeneko bi eguneko jardunaldiak antolatu ditu. Koldo Ordozgoitik koordinatuta, lehen euskal irratiari buruzko hausnarketa egin eta aurkikuntzak aurkeztuko dituzte, eta Joseba Zubimendi, Ander Arzelus Luzear eta Amale Arzelus euskal irratiaren sortzaileak omendu. GARA

LIBURUA ETA DVD-A

Hedabideei buruzko ikerlana DVD eta liburu batean bildu dute. Euskararen berreskuratzearen inguruko proiektu zabalago baten hirugarren lana da. Laugarrena, hezkuntzari buruzkoa, martxan da jada.

HARTZAILEA

Hartzaile nagusia hizkuntza gutxitudun komunitateak dira, baina ez bakarrak. Egileek azaldu dutenez, baliagarria izan daiteke belaunaldi gazteei euskal nortasunaren ardatz nagusietako baten ibilbidea transmititzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo