Haizea BARCENILLA Arte komisarioa
Aieruzko usteak
Bayeuxeko oihalari buruzko informazio bila ari nintzela sutu egin naiz. Tradizioak zioen XI. mende bukaerako broderia honen egileak Matilde erregina eta bere damak izan zirela; bikaintasun teknikoak zein lanaren 70 metroko luzerak laster eman zuten aditzera, ordea, brodatzaile profesionalek egina behar zuela. Ikerketen arabera, Canterburyn josi omen zuten, hango brodatzaileak Europa osoan ezagunak zirelarik. Haserrea honakoak eragin dit: hainbat eta hainbat lekutan artelana «monje» edo «gizonezko langile» talde bati lotzen zaionean, Canterburyko langile horiek, brodatuan zebiltzan gehienak bezala, emakumeak zirela ondo dakigulako.
«Gizonezkoen lanak» izendatu direnetan emakumeon lorpenak ez onartzea larria da, baina are larriagoa emakumeon ohizko eginkizunetan sortutakoak, ikuspegi maskulinoak apurtuz, arte kontsideratzera pasatzea lortzen dutenean, historiaren datuak alde batera utziz gizonezkoen eskuei atxikitzen zaizkienean. Bitxia da zelako zailtasunak eta kritikak pairatu behar dituen ikertzaile batek, esaterako, Erdi Aroko harginen taldeetan emakumeen rola aztertzeko («feminista erradikala» izango da entzun beharko duen adjektiborik ederrena), eta zelako erraztasunarekin jartzen den zalantzan, ordea, emakume trebeen lan ezagunaren autoretza.
Urteetan errepikatu izan dizkiguten ideien kontra, Erdi Aroan emakume artista anitz egon ziren; batzuek euren lanak sinatu zituzten, Landsbergeko Herrada kasu, eta beste askoren izenak, gizonezkoekin batera, ez ziren gorde. Goazen behingoz aieruzko usteak baztertzera eta identifikatu gabeko artista bikain guztiengan gizonezko bat ikusteari uztera.