GARA > Idatzia > Kultura

Victoria Eugenia antzokiak hainbat ekimen hartuko ditu mendeurrena ospatzeko

GARA | DONOSTIA

Donostiako Victoria Eugenia antzokiak ehun urte betetzen ditu aurten, eta hori dela-eta, Donostia Kultura zerbitzuak ospakizunez betetako urte berezia antolatu du.

Ekimen berezien egitaraua haur danborradak hasi zuen, alkatearekin batera gaztetxoek «Zorionak zuri» abestu ziotenean. Bestetik, Bertso Egunean ere Sebastian Lizasok eta Arrate Illarok omenaldi txiki bat egin zioten antzokiari.

Hemendik aurrera ere urteak ildo horretatik joko du aurrera. Ospakizunetan hirugarrena inauterietan izango da, Momo jainkosa (urteurrenari ohore eginez jantzita) eta bere segizioa antzokiko terrazan agertuko baitira kabalgatan agertuko diren konpartsei eta herritarrei harrera egiteko. Atzo egindako aurkezpenean, Nerea Txapartegik, Udaleko Kultura eta Euskara zinegotziak, azaldu zuenez, eraikinak mozorro antzeko zerbait jantziko du jaia ospatzeko.

Bestetik, Donostiako jaialdi egitarauan ospatzen aurrenekoa den ekitaldian, alegia, dFeria arte eszenikoen azokan, mendeurrena izango da leitmotiv-a, eta antzokian izango diren lau antzezlanen aurretik, antzerki munduko kideek eta hainbat ikuslek zabalduko dituzte eraikinarekin izandako erlazioari buruzko testigantzak.

Baina ospakizun nagusia udako Heineken Jazzaldian izango da. Izan ere, 100 urteak uztailaren 20an beteko ditu antzokiak, eta jaialdiak giroturik, jazz gaua antolatu dute.

Hala ere, kontuan izan behar da aurten Donostiako beste bost eraikin eta tokik ere ehun urte betetzen dituztela: Maria Cristina hotelak, La Perlak, Igeldoko jolas parkeak eta funikularrak eta topoak, alegia. Horiek horrela, boston ospakizun bateratua antolatzeko lanean dabil Udala.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo