GARA > Idatzia > Kultura

Baionako Bonnat-helleu museoa, zalantzaz beteriko etorkizuna

Baionako Bonnat-Helleu museoa lanengatik itxi zenetik ia urtebete igaro da dagoeneko. Hainbat konponketa lan egin ondotik, museoak dituen 6.000 artelanen inbentarioa eta berritzeko lanen aurreikuspena egiten ari dira.

p046_f01_250x128.jpg

Idoia ERASO

Bonnat zuen izena museoak, 2011ko apirilaren 11n hiru urteko lanetarako ateak itxi zituenean. Gutxi gorabeherako irekiera datarik gabe dago orain; aldiz, izena aldatu du: Bonnat-Helleu Baionako Arte Eder Museoa. Izena aldatzeko arrazoi nagusia Paul-Cesar Helleu margolariaren familiak egin duen emaria izan da. Artistaren alabak eman artelanak museoaren bilduma handitzera heldu dira, baina, bestalde, utzitako ondasunen salmentatik museoaren lanetarako erabiliko den zatia oraindik zehazteke dago. Halaber, museoak dituen toki arazoak konpontzeko ondoan dagoen eskola gehitzeko asmoa aurreikusia zuten, baina egitasmo horri buruz ere ziurtasunik eza da nagusi.

Ziur dena da lan handia badela egiteko museo txikiaren barnean, eta irekitzeko unean aldaketa handiak izanen direla. Museoaren egituran aldaketarik ez bada ere, bildumari dagokionez, izanen dira. «Museografiaren berregituratze orokorra eginen dela ziur da», adierazi zuen Sophie Harentek, museoko zaintzaileak.

Harentek azaldu zuen orain arte museoaren historian ondarearen %10 baino gutxiago erakutsia izan dela. Bereziki eskulturei buruz mintzatu zen; izan ere, ez omen dute dagokien tokia izan erakustokian. «Berrezagutua izatea merezi duen ondare osoa dugu», nabarmendu zuen zaintzaileak. Estatuko eskualdeetako 15 museo onenen artean kokatu zuen Bonnat-Helleu Cecile des Cloizeaux zaharberritze adituak.

Erakustokiak itxura berria hartuko duela hitz eman du zaintzaileak, baina horretarako zaharberritze lan handiak egin beharko dira. Eginbehar horien tamaina neurtzeko derrigorrezkoa den inbentarioa egiten ari dira. Betebehar hau Estatu frantsesaren Kultura Ministeriotik heldu da; izan ere, 2014ko ekainerako museo guztietako artelan guztien inbentarioek datu base batean ezarriak izan beharko dute.

Museoak itxura bitxia hartu du; erakusgela batzuetan artxibategiak ikusten dira eta beste batzuetan artelanak metatuta. Gainerako geletan museoko langileak zerrendatze eta inbentario lanetan ari dira. Idazkari, segurtasun langile edo harrerako langileak artelanen artean ari dira beharrean. Sei hilabeteko epean langileek lanen inbentarioa eginen dute. Horretarako, hainbat adituren eskutik, zaharberritze eta kontserbazioaren gaineko ikastaroak jasoko dituzte.

Egunotan, Jean-François Hulot eta Cecile des Cloizeauxek, margolanen kontserbazioarekin loturik, horien konponketa eta prebentziorako ikasgaiak partekatuko dituzte. «Nik lanak begiratzen irakatsiko diet. Egun hauetako ikastaroari esker, begiratzen, aztertzen eta kontserbaziorako lanak ezagutzen ikasiko dute langileek», azaldu zuen Des Cloizeauxek.

Artelan bakoitzari bere fitxa egokituko zaio eta langileek ezaugarrien arabera bete beharko dute. Horrela, obrak dituen kalteak zerrendatuko dituzte eta zaharberritzeko premiaren arabera sailkatuko dute. Obren kontserbazio egokirako beharrezkoa den espazioa zehazten ere ikasiko dute langileek.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo