Amodioari, hankak lurrean, hegan egiten utzi dio Jon Gerediagak
Jon Gerediagak «maitasunaren aldarri lurtarra» egin du bere «Zentauro-hankak» hirugarren poema liburuan. Bere hilkortasuna onartu, eta Oteizak Itziarri idatzitako elegiaren antzera, Idoia bikotekideari eskaini dio lana, elkarren arteko maitasuna mitifikatzeko asmoz.
Ane ARRUTI | BILBO
Zentauroa bailitzan, bihotza eta burua zerura begira baina hankak lokatzetan idatzi du Jon Gerediaga bilbotarrak bere hirugarren poema liburua. «Zentauro-hankak» (Pamiela) bere emazteari eskaini dio, «liburuaren motorra maitasuna da, bizitzaren ospakizun edo aldarri bat da», azaldu zuen atzo.
Izan ere, Jorge Oteizak idatzitako «Itziar. Elegía y otros poemas» (Pamiela, 1991) bere ustetan inoiz egin den «maitasun poemarik potenteena» dela aitortu zuen, baina akats bat omen dauka: «Ez dagoela garaiz idatzita, hau da, Itziarrek ez zuela irakurri. Nik garaiz idatzitako elegia bat egin nahi nuen. Poema bat idatzi eta Idoiak irakurtzea nahi nuen, ez bakarrik berak irakurtzeko, baita ere eragiteko nire bizitzan, nire maitasun istorioa mitifikatzeko, zeren nik mitoak behar ditut bizitzeko», azaldu zuen.
Gerediagak beste bi poema liburu idatzi ditu aurretik: «Fitola Balba, Karpuki Tui» (2004) eta «Jainkoa harrapatzeko tranpa» (2007), biak Pamielak argitaratuak. Antzerkiola Imaginarioan ere aritu da hainbat urtez dramagile lanetan.
Jose Angel Irigaray editoreak esan zuenez, «oso progresio interesgarria» izan du bilbotarrak. «Amestera egiten du, baina hankak lurrean. Beste lurralde batzuetara jotzen du, zehatzagoetara, lurrari atxikia». Idazleak ideia berretsi zuen. Aurreko liburuan, «baneukan sentsazioa hilezkortasunaren bila nenbilela apur bat, zeruari begira eta burua hodeien artean galduta», esan zuen. «Oraingoan, hilkor bihurtu naiz. Heriotza onartzearen parte hori nik ere sentitu dut nire bizitzan eta azken poeman horretaz hitz egiten dut. Hilkortasunaren patu hori onartu egin dut azkenik, kostatu zait. Lehen agian beste amets batzuk nituen eta orain lurtarragoa bihurtu naiz».
Poesia liburu bakoitza Eros eta Tanatosen indarren arteko lehia bezala irudikatzen du Gerediagak. «Eta liburu hau garaiz idatzita dagoenez, Erosa edo bizitzaren eta maitasunaren indarra gailentzen zaio heriotzari», erantsi zuen. «Ez du esan nahi zeru-lurrei kantatzen ez diedanik. Kantatzen diet nire maitasun haragizkoaren bidez».
Ohi duena baino poema luzeagoak idatzi ditu, bere esanetan Idoia ezagutu zuenetik sortutako poemak nahiko antzerakoak izan direlako, «forma aldetik hitz jarioari askatasuna ematen ziotenak. Ikusi dudanean forma hori apur bat aldatzen zela, orduan bukatutzat eman nuen liburua».