Ekhiñe Egigurenek irabazi du Bergarako Amodiozko Gutunen Lehiaketa, eta Hendaiako txapelketa abian da
GARA | DONOSTIA
«Aspaldian gogoan zaitudalako idazten dizut gauaren izkina honetatik, hitzak hausten dizkidan dardaraz, esaldi erdian zure ezpain labainak gogoratuz. Estokolmo hegoaldeko hilerritik ari natzaizu, idazten dut Skogskyrkogärden parkean, Asplund-ek diseinatu zelaietan, hiriaren birika den mikropaisaian. Iluna da lorategia estaltzen duen gaua eta isiltasunak koadernoaren orrietaraino egin du irrist, kale-argi bakanen gerizpean ikus dezaket nola». Halaxe hasten da Ekhiñe Egigurenen eskutitza. 34 urteko donostiar honek Bergarako Jardun euskara elkarteak antolatutako Amodiozko Gutunen XX. Lehiaketa irabazi du.
Atzo banatu zituzten sariak eta han izan ziren Egigurenekin batera, Ivan Poyato del Rio 25 urteko barakaldarra (bigarren saritua), Ana Moñux Txintxurreta 24 urteko gaztea (bergarar onena izendatua) eta 18 urteko Irati Majuelo iruindarra (gazteetako saritua). Pello Añorga idazlea, Oihane Perea bertsolaria, Andoni Tolosa musikaria eta Idoia Galan iazko irabazlea ziren epaileak, eta adierazi zutenez, idazlanen artean denetarik egon da: «Batzuk metafora tipikoz hornituak, hasiberriak... Beste batzuk, aldiz, oso maila altuko gutunak, tonua mantentzen dutenak. Kanpoko paisaia erabiltzen dutenak barruko sentimenduak adierazteko. Kreatiboak, estereotipoetan erori gabe». Poyato del Riorena bezalakoak: «Oraindik daramat ezpainetan josita arima epeldu zidan lehen muxu hura. Arnasak gure mutur bien artean egin zuen alde, emeki, erlojuari orratzak geldiarazteko azken aukera eman nahian. Aurrerago, ohe barruko amaraunean, laztanez beteriko etorkizuna promestu zenidan. `Ez gara kriminalak, maittia'. Begiak itxi eta berehalakoan agertzen zaidan une magikoa izan zen orduko hura, zentzurik gabeko gauzen mundutik atera eta errealitateari aurkeztu zeniona. Hortaz geroztik, hamaika muxu banatu nuen, hain merke, zeurearen ordezko...».
Guztira 65 gutun jaso dituzte aurten. Eta hogei edizioetan, 2.324 eskutitz bildu dituzte.
Hendaian ere bai
Hendaiako maitasunezko gutunen lehiaketa gazteagoa da, aurten izango du hirugarren edizioa eta Hendaia.com elkarteak antolatu du 13 urtetik gorako idazle guztientzat, profesional zein amateurrentzat. Lehiaketa hau Hendaia Euskaraz euskararen hilabetean egingo dute, zehazki otsailaren 14tik martxoaren 14ra. Aurten hautatu duten gaia honakoa da: «Zailtasun frangoren gaindi... amodio aitortza!». Gutunak argitaratu gabekoak eta originalak izan behar dira (itzulpenak ez dira onartzen), eta Hendaia.com elkartera (Errepublika plaza, 6) igorri behar dira, beranduenez martxoaren 14an.
Gutun irabazleen irakurketa eta sarien banaketa martxoaren 30ean (ostirala) egingo dute, 19.00etan Abbadia gazteluaren kaperan, euskal idazle ospetsuz osaturiko epaimahaiaren parte hartzearekin, haien artean Aurelia Arkotxa Euskaltzaindiko lehendakariordea. Denak animatu nahi dituzte idaztera.