GARA > Idatzia > Euskal Herria

Adierazpen berri batekin indartuko du ezker abertzaleak egungo agertokia

«Euskal Herrian bakea eta eszenatoki demokratikoa eraikitzeko» beste ekarpen bat dela adierazi zuen atzo ezker abertzaleak, datorren igandean Donostiako Kursaalen plazaratuko duen agiriari buruz. Helburu horrekin, dokumentuak bost ardatz ditu: bake iraunkorra, gatazkaren ondorioentzako erantzuna, aitortza, egia jakiteko premia eta akordio demokratikoa. Ekitaldi irekia izango da, eta 12.00etan hasiko da.

p016_f02.jpg

Oihane LARRETXEA |

Euskal Herriak gaur egun bizi duen egoerara heltzeko hamaika izan dira egin diren urratsak, baina bake iraunkorra eskuratze aldera egin beharreko ekarpenak ez dira amaitu, eta horregatik, lanean aurrera egin behar da. Hain zuzen, orain bi urte norabide horretan jardunean hasi zen ezker abertzaleak beste ekarpen baten berri eman zuen atzo, Donostian.

Konponbidearekiko duen konpromiso irmoa «berretsiz eta berrituz», bost ardatzetan oinarritutako agiri bat aurkeztuko du jendaurrean, datorren igandean, eguerdiko hamabietan, Donostiako Kursaal jauregian izango den ekitaldi irekian. Hala adierazi zuten prentsaren aurrean Maribi Ugarteburuk, euskaraz, eta Rufi Etxeberriak, gaztelaniaz.

«Ezker abertzaleak, beste behin, bere borondate osoa agertuko du, bake justu eta iraunkorreko eszenatokia lortzeko», adierazi zuten. Hala, agiriaren lehenengo puntua «bakea» izango da, «Euskal Herrian eraikitzeke dagoen helburu» gisa hartuta. Bigarren atalak «gatazkaren ondorioentzako erantzunaren» gainean egingo du hausnarketa; eta hirugarrena, berriz, «aitortza» sustatzearen ingurukoa izango da, «elkarrekiko errespetutik» abiatuta.

Laugarren eta bosgarren atalak izango dira, hurrenez hurren, gertatutakoaren gaineko «egia ezagutzeko Euskal Herriak duen premia», eta «elkarrizketa eta akordio demokratikoa», halakorik berriro errepikatuko ez den «berme izan dadin».

«Herri bezala premiazko beharra dugu guzti-guztiok bake eta normalizazio politikoaren irabazle izango garen behin betiko konponbideen eszenatokia lortzeko», adierazi zuten. Hain zuzen, bost ardatzak premia horri erantzuna emateko giltzarri dira.

Ekitaldi irekia izango denez, bertaratzeko deia luzatu zuten, ekinbideetan «batasunetik» lan egiteko. Halaber, nazioarteko ordezkariak ere izango dira bertan. Izenak zehazteke dauden arren, iragarri zutenez, «gatazka politikoak prozesu demokratikoen bidez gainditu dituzten herrialdeetako ordezkariak» inguratuko dira Donostiako Kursaalera.

Testuinguru aproposa

Agiri hau argitaratzearen arrazoi nagusia «baldintza nahikoak daudelako uste osoa» da. «Aro berri bat ireki da Euskal Herrian. Aro berri bat, zeinetan benetako aukera ireki baita gatazka politikoari behin betiko konponbidea emateko, eta Euskal Herrian eszenatoki demokratikoa eraikitzeko», zehaztu zuten.

Testuinguru aproposa izateaz gain, lortu da, ezker abertzalearen hitzetan, konponbideen agendak Euskal Herriaren etorkizun politikoa marraztea, oztopoen gainetik, «Madrilen blokeo dinamikak gaindituz». Halaber, agenda horren ezarpenean ezkerreko mugimendu subiranista eta independentistak egindako ekarpenak txalotu zituen, eta zutarria izaten ari dela nabarmendu.

ETA erakundeak, joan den urriaren 20an, gatazkaren ondorioen behin betiko konponbiderako prozesuari ekiteko agertutako prestutasuna txalotu zuten, baina «parez pare» Espainiako Estatua dagoela gogorarazi zuten, «konponbide-ezaren lubakietan sartuta». Hala ere, «immobilismo» horri eusteko, Estatuak gero eta zailtasun nabariagoak dituela iritzi zioten, eta horren erakusle dira, haien aburuz, Jorge Fernandez Barne ministroaren «azken adierazpen kontraesankorrak».

Pausoz pauso eraikitako agertokia gehiengo sozialak babestu duela gogorarazi zuten, eta hein horretan, gizarteak azaldutako ardura goraipatu. Horregatik, eta helburua eskuratze aldera, agiriari babesa emateko gonbita luzatu zuten, denon artean bidean urrats bat gehiago eginez.

ZAILTASUNAK

Gaur egungo egoerara iristeko egin diren urratsek gizartearen gehiengoaren babesa dutela gogorarazita, Madrilek immobilismoan jarraitzeko dituen zailtasunak aipatu zituzten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo