FRANCISCO JAVIER CASTRO GONZALEZ | Administrazioan Euskaraz Taldea
Izarbeibarko mankomunitatearen aurkako misila
Administrazioan Euskaraz Taldeak Nafarroako Administrazio Auzitegiak 2012ko otsailaren 14an emandako ebazpena, Izarbeibarko Mankomunitateko Euskararen Ordenantzaren inguruan, komentatu nahi du. Aipatu auzitegia Nafarroako Gobernuaren organoa da. Teorian, arrazoi juridikoak dira bere ebazpenen oinarria, baina, UPNren intereseko gai batzuk ukitzen dituenean, nagusiaren ahotsa bihurtzen da askotan. Horixe gertatu da Izarbeibarko Mankomunitateko Euskararen Ordenantza aztertu duenean. Izarbeibarko Mankomu- nitateak eremu mistoko eta «ez euskaldun»-eko udalak biltzen ditu. UPNren zerbitzuko organo honek ezin zuen onartu euskararen eragina haraino iristea. Horrexegatik, 29/2003 Foru Dekretua gainezarri zaio.
Askotan Nafarroako Administrazio Auzitegiak errana du dekretu horrek ez duela euskara debekatzen, gaztelaniaren derrigorrezkotasuna besterik ez duela ezartzen eta dekretu horrek euskara debekatzen duela interpretatuko balitz Euskararen Legearen aurka eta udal autonomiaren aurka eginen lukeela.
Horrela, ebazpen pilo bat emana dauka, batez ere Iruñeko Udaleko Euskararen Ordenantza indarrean dagoela azpimarratzeko. Orain arte erabakitako guztia alde batera utzi du eta beste doktrina bat ezarri du Izarbeibarko Mankomunitatearentzat. Hor, bai, hor 29/2003 aplikagarria da.
Filosofia horri jarraikiz, baliogabetu duena hau da: Eremu «ez euskaldun»-eko administrazioei jakinarazpen elebidunak bidaltzea, beste administrazio publikoei jakinarazpen elebidunak eskatzea eta barruko irudia elebiduna izatea. Publizitatea eta inprimakiei dagokienez, gaztelaniazkoa edo elebiduna (baina euskarri ezberdinetan) izan daitekeela jaso behar duela iradokitzen du, ebazpenaren bukaeran artikulu horiek baliogabetzen ez baditu ere. Izarbeibarko Mankomunitatearen euskarazko izena ofizial egitea baliogabetzen du, horretarako prozedura legala segitu ez delako.
Ondorioak: 1) Atzerapauso handia eman du Nafarroako Administrazio Auzitegiak, aurretik emandako ebazpen anitzen aurka aritu baita; orain 29/2003 Foru Dekretua eremu mistoko toki entitateentzat aplikagarria da (antza denez, ehizaki erraza ikusi du Izarbeibarko Mankomunitatean); 2) Izarbeibarko Mankomunitateak helegitea aurkeztu beharko luke, doktrina horrek aurreko guztia ezeztatu duelako eta teorian eutsiezina delako; 3) Izarbeibarko Mankomunitateak Nafarroako Gobernuari euskarazko izena ofizial egitea eskatu beharko lioke; horrela prozedura arazo hori konponduko litzateke; 4) botere abusua gertatu da, eremu «ez euskaldun»-eko udalak biltzen dituen Mankomunitatea euskararen alorrean izutzeko.